Mugimendu kooperatiboak oro har munduari egindako ekarpen eraldatzailea baloratu du. Aitortzak babes eta zaintza handiagoa ekarri behar ditu munduko gobernuen eta agentzien aldetik.
Unescok (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) kooperatibak sartu berri ditu Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrendan, horrelako enpresetan antolatzen diren ideia eta interes komunen praktikarekin batera. Erabakia Kultura Ondare Immateriala Babesteko Gobernuarteko Batzordeak onartu zuen, joan den abenduan Addis Abeban (Etiopia) egindako saioan, eta bertako ebazpenak oraintsu idatzi eta argitaratu dira.
Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa nazioarteko tresna juridiko bat da, eta, 1992az geroztik, globalizazioaren eta etengabe bizitzen ari garen eraldaketa sozialen ondorioz ondareak izan ditzakeen mehatxuei erantzun nahi die.
Kultur ondare immaterialaren aitortzaren garrantzia ez datza berez adierazpen kulturalean, baizik eta ezagutzen transmisioaren balio sozialean eta ekonomikoan; estatu bateko talde sozial minoritarioei zein maioritarioei dagokie, eta garrantzi berdina dauka garapen bidean dauden herrialdeentzat zein herrialde garatuentzat.
Lankidetzaren aitortza
Unescok honela aitortzen du mugimendu kooperatiboak oro har munduari egindako ekarpen eraldatzailea, eta kooperatibez ematen duen definizioaren arabera: “komunitateak eraikitzea ahalbidetzen dute, interes eta balio partekatuen bitartez, arazo sozialei irtenbide berritzaileak sortuz, enplegua sortuz eta pertsonei proiektuak eraikitzen lagunduz”.
Hemendik aurrera, mugimendu kooperatiboa munduko ondare komunaren parte da ofizialki, eta horrek esan nahi du munduko gobernuek eta agentziek gehiago babestu eta zaindu behar dituztela kooperatibak zein beraien jarraipena sustatzen duten erakundeak.
Iturria: TuLankide