Krisiaren aurrean sektoreak duen funtsezko eginkizuna aitortzea eta haren ekarpen soziala indartuko duten finantzaketa-neurri osagarriak aldarrikatzen dute erakundeek.
Sareen Sareak proposamen estrategikoak biltzen dituen dokumentu bat aurkeztu du, Covid-19ren krisiak Euskadiko erakunde sozialetan sortutako ondorioei aurre egiteko helburuarekin.
Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzari, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuaren bitartez eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoen ordezkariei bidali diete, pandemiaren eragin sozialari erantzuteko proposamenak helarazteko.
Hirugarren Sektore Sozialak ezinbesteko zerbitzuak ematen ditu eta pertsona zaurgarrienak babesten ditu. Euskadiko erakunde sozialek lan handia eta funtsezkoa egiten dute gizarte-ongizatea garatzeko eta sektore hau funtsezkoa eta ordezkaezina da, botere publikoei pandemiaren ondorio negatiboak murrizten laguntzen baitie. Betetzen duten lana ezinbestekoa da, baina baliabideak behar dituzte segurtasun osoz egiten jarraitzeko.
Estrategiak agerian uzten du Covid-19ren krisiak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeetan izan duen eragina. Erakundeek aldaketa handiei aurre egin behar izan dizkiete euren zerbitzu eta jardueretan. Izan ere, pandemia hasi zenetik zerbitzu berriak sortu, itxi edo egokitu behar izan dituzte erakunde askok.
Pandemiak hartzaileengan izan dituen ondorio negatiboak ere jasotzen ditu dokumentuak. Konfinamenduaren ondoriozko arazoak, baliabide ekonomikoen faltarekin lotutakoekin batera, bereziki pertsona zaurgarrienei eragin dietenak.
Horregatik guztiagatik, pandemiaren eragin sozioekonomikoa konpontzeko proposamen sorta bat aurkeztu dute. Ezinbestekoa da oinarri sendo bat finkatzea gizarte-ekimeneko erakundeentzat, etorkizuneko egitura ekonomiko egonkorra eta nahikoa ahalbidetzeko eta berme guztiekin milaka pertsona artatzen jarraitzeko.
Hirugarren Sektore Sozialak Eusko Jaurlaritzari helarazi dizkion eskaeren artean, honako hauek nabarmentzen dira: erakundeei krisiari erantzuteko behar dituzten baliabideak ematea, sektore soziala pandemiaren kudeaketan funtsezko zerbitzu gisa aitortzea eta gobernantzako maila guztiekin elkarrizketa zibilerako konpromisoa hartzea (autonomia, foru zein udal mailetan).
Iturria: Sareen Sarea