Sareko entitateek datuak jasotzeko epea ireki da. Beraz, maiatzaren 15etik ekainaren 14ra, “Auditoria soziala: ondo jokatu zure kartekin” lelopean, REAS Euskadik kanpaina jarriko du abian, eta sareko 116 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaile batzuek hartuko dute parte.
Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak, datorren hilabetean, oinarrizko sei printzipioen lorpen-mailaren autoebaluazio-prozesuan murgilduko dira: ekitatea, lan duina, ingurumen-jasangarritasuna, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa.
Datuak bildu eta araztu ondoren, sareko talde teknikoak 120 inguru erakunderen auditoriak aztertuko ditu horretarako sortutako batzordean. Balorazio ona duten erakundeek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, 2022an ezarritako ziurtagiria, alegia. Zigilu hori funtsezkoa da merkatu sozialean sartzeko, hau da, Euskadiko REASek orain dela hamarkada bat baino gehiagotik Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktuak zein zerbitzuak merkaturatzeko bultzatutako plataforma.
Karta-sortako batekoa da! Komodin horri esker, Merkatu Sozialean sartzeko jokaldi bikaina prestatuko dute. Datuak biltzeko prozesua zehatza denez, 100 adierazle baino gehiago hartu dira kontuan, eta 40 galderako inkesta egingo zaie erakundeetako soldatapeko langileei zein boluntarioei. Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimen honek hainbat eta hainbat onura eskaintzen ditu.
Batez ere, oso lagungarria da ekonomia solidarioko sei printzipio gidarien inguruko atxikimendu-maila neurtzeko orduan. Horrez gain, erabilitako tresna informatikoari esker, bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta beste alderdi interesdun batzuei modu bisualean emango zaie emaitzen berri.
Barne-mailan, lortutako datuak funtsezkoak dira erakundearen ekintza estrategikoak modu eraginkorragoan aztertzeko eta antolatzeko. Azkenik, baina garrantzitsua ere bada, erakunde guztien datuak bateratzean, sektorearen indarren nahiz ahulezien ikuspegi globala ere lortuko dugunez, nagusi den eredu ekonomikorako alternatiba bideragarri moduan aurkeztu ahal izango dugu. Horrela, karta-sorta ikusi ahal izango dugu oso-osorik, eta osagai dituen kartak zein diren jakingo dugu.
Iturria: REAS Euskadi