Rafael Chaves irakasleari elkarrizketa

27 urtarrila, 2015 | Kategoriarik gabe

Valentziako unibertsitatean Ekonomiako titularra den Rafael Chaves Ávila irakaslea, denboraldi batez Zuzenbide Kooperatibo eta Gizarte Ekonomiako Institutuan, GEZKIn, izango da. Gizarte Ekonomiaren inguruko doktoretza programaren zuzendaria izateaz gain, Chaves CIRIEK-Espainiako Ekonomia Publiko, Sozial eta Kooperatiboari buruzko aldizkariko editorea eta argitalpen zein lan zientifiko askoren egilea da. Hori guztia dela eta, galdera batzuk erantzun dizkigu.

Zer dela eta aukeratu duzu Euskadi egonaldi akademikoa egiteko?

Unibertsitateko ikertzaile batentzat ona da zenbait astez edo hilabetez unibertsitateko ohiko eginkizunetatik deskonektatzea, norberaren ikerketetan buru belarri sartzeko: kasu batzuetan, aurreratzeko edo ixteko; eta beste kasu batzuetan, ildo berriak edo proiektuak jorratzeko. Egonaldi hauek, gainera, harreman-kapitala hobetzen dute. Oso gomendagarriak dira. Garai batean sei hilabeteko edo urtebeteko denboraldi sabatikoa egiteko aukera zegoen, baina dagoeneko ez da posible unibertsitateko aurrekontuen austeritatea dela eta.

Oraingo honetan, egonaldia hilabete bakarrekoa eta UPV/EHUko Zuzenbide Kooperatiboko eta Gizarte Ekonomiako Institutuan da, GEZKIn. Aukera ez da zaila izan, lehenenik eta behin, gonbidatu nauen gizataldeagatik: harreman estua eta luzea mantentzen dut institutuko ikertzaileekin eta, bereziki, gizatasun eta kalitate profesional handia duen Baleren Bakaikoarekin. Une honetan, haiekin nabil lanean hainbat proiektutan. Gizatasunaren ezaugarria, beraz, ez da bigarren mailakoa; ongi dakite hori espainiar ikertzaile gazteek ustez aurreratuagoak diren herrialdeetara joaten direnean. Bigarren arrazoiak ikerkuntzarekin du zerikusia. Badira urteak, landa-lana egin nahi dudala, elkarrizketak eginez, bai munduan sona handia duen Mondragon esperientzia kooperatiboari lotuta dauden pertsonei eta bai antolatutako euskal gizarte zibilean parte hartzen dutenei; eta iritsi da aukera. Azken arrazoia, baina ez garrantzi gutxiagokoa, beti gustatu izan zait lurralde hau; etxean bezala sentitzen naiz.

Zein izan da zure iritziz gizarte-ekonomiaren zeregina, oro har, gizarteak bizi izan dituen eta bizitzen ari den krisi egoeretan?

Gizarte-ekonomia, sektore publiko eta pribatu tradizionalarekin batera, sistema ekonomikoa osatzen duten hiru alorretako bat da. Sistema horrek hiritarren zerbitzura egon beharko luke.

Azken bi alor horietako batek okerrera egiten badu edota eraldatzen bada, eragina du beste bietan; hau da, gizarte-ekonomian ere bai. Egoera horietan gizarte-ekonomiaren funtzio aringarria azaleratzen da, historian zehar eta, batez ere, krisi garaietan gertatu den bezala: gizarte-ekonomiak krisian zeuden enpresa tradizionalak ‘suspertu’ ditu, eta lanpostuak nahiz enpresa-sarea mantentzeko gauza dela erakutsi du. Sektore publikoak ez duenean ongizate sozialerako eskaintza edo laguntza nahikoa eman ere, hirugarren sektore soziala izan da babes gutxien duen kolektiboa babestu duena.

Gizarte-ekonomiak, bestalde, sisteman funtzio eraberritzailea eta eraldatzailea izan du. Historikoki hainbat eskaera sozialei eta arazo esanguratsuei erantzun berritzaileak ematen jakin du; beste bi sektoreek, publikoak eta pribatu tradizionalak, egiten jakin ez dutena. Are gehiago, gizarte-ekonomia gizarteak emandako erantzun berritzaileetatik jaio izan da beti, eta krisialdietan gaitasun sortzaile hori berriro ikusteko aukera izaten da. Azken urteotan, esaterako, ekintza berri mordoa ezagutzeko aukera izaten ari gara: moneta sozialak edota elkarlaneko ekonomia, besteak beste.

Uste duzu gizarte-ekonomiak duen ahalmen guztia erakutsi duela krisiaren ondorioei aurre egiteko, bereziki, lanpostu eta enpresen suntsiketei dagokienez?

Gizarte-ekonomia krisiaren ondorioak arintzeko garrantzi handiko tresna da, eta baita sistemaren eskaerei erantzun eraginkor eta berritzaileak emateko ere. Halere, duen indar guztia erabili ahal izateko eta ekonomiak, bere osotasunean, ahalmen hori beregana dezan, esku-hartze zabal eta eraginkorra egin beharko lukete administrazioek.

Duela sei urte, krisia hasi zenean, aditu askok garapen eredua eta politika publikoak eraldatzearen aldeko apustua egin zuten, gizarte-ekonomiari posizio nabarmenagoa eman asmoz. Espainiako eta Europako gizarte-ekonomian, egoera hori aukera oso ontzat eman zen. Gainera, une hartan, gure herrialdean bi lege onartu ziren ildo berean: Ekonomia Iraunkorraren Legea eta Gizarte Ekonomiaren Legea. Zoritxarrez, ustezko aldaketa ez zen gauzatu. Krisia hasi eta gutxira, joera keynesiarreko (gogora dezagun ‘E Plana’) politika hedakorrak garatu zituzten epe laburrez, baina jarraian austeritate handiko urteak iritsi ziren eta gizarte-ekonomiak arreta gutxiago jaso zuen. Garaiotan, eskuragarri dauden datuek erakutsi dute gizarte-ekonomiak enplegu arloan duen sentsibilizazio maila altuagoa dela: bataz beste, eredu honek enpresa pribatu tradizionalek baino lanpostu gutxiago galdu ditu. Sektore honi lagungarri izateko neurri eraginkorrak hartu izan balira, krisiak sorturiko kostu sozial eta ekonomikoa askoz ere txikiagoa izango zen Espainiako ekonomiarentzat.

Aipa ditzakezu hartu beharreko zenbait neurri?

Espainiako botere publikoek, bai Estatukoak bai autonomikoak, maiz legeak onartu bai baina ez dituzte behar bezala gizarteratzen; hau da, lege horien sustatzaileek proposatutakoaren eta gero aplikatzen dutenaren artean alde handia dago.

Horri dagokionez, bi kasu dira paradigmatikoak gizarte-ekonomian: Valentziako Erkidegoko kooperatiben legea, 2003 urtekoa, eta gizarte-ekonomiaren legea, 2011koa. Arau horietan kooperatiba-sektorea eta gizarte-ekonomia garatzeko politika publikoko neurri ugari aurki daitezke. Bigarren legean, gainera, ‘Gizarte-ekonomiako entitateen sustapen plana’ izenburuko atala ere topa daiteke, plana diseinatzeko eta aplikatzeko epe batekin. Aipatutako arauak belgikar eta frantziar gobernuentzat eredu izan zitezkeen, gizarte-ekonomiaren inguruko legeak ere onartu baitituzte. Tamalez, legeen aplikazioa eskasa izan da urteotan, nahiz eta joera-aldaketa antzematen hasi den.

 

Iturria: OVES-GEEB