Zaintza, sistema publikoa, garapen ekonomikoa, gizarte-inbertsioa… Gai horiek eta beste batzuk azaroaren 26an landu ziren, TM eLab-ek EHUko GEZKI Institutuarekin batera antolatutako jardunaldian. Eztabaida bizia Donostian, gizarteari buruz hitz egin eta haren erronkak aztertzeko.
Pertsona baten ongizatea subjektiboa eta transferiezina da, eta, beraz, norberak neurtzeko gauza erraza. Beste kontu bat da gizarte baten ongizatea, hamaika erpin dituen eta beste hainbeste eztabaida ireki ditzakeen gaia baita. Nahiko argi geratu zen hori Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiak eta EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (GEZKI) atzo antolatu zuten jardunaldian.
“Ongizatea eta bere adierazleak” izenburua zuen gogoeta saio mamitsua izan zen Donostiako Zuzenbide Fakultateko gradu aretoan. Bertan, goiz osoan zehar, eta betiere ongizatea ardatz hartuta, egungo sistemak dituen arrakalak eta gabeziak mahaigaineratu zituzten hizlariek.
Alde horretatik, ongizatea bera zer den azaltzea izan zen antolatzaileek jarri zuten lehenengo egitekoa, eta horretan aritu ziren Malen Dominguez Zabala soziologoa, Unai Villalba-Eguiluz EHUko irakaslea eta Amaia Inza, EHUko Gizarte Langintza eta Lan Harremanetako Fakultateko dekanoa. Hurrenez hurren, ongizatea ulertzeko ikuspegien markoa, giza garapenaren ikuspegitik ongizateaz egiten den definizioa, eta inbertsio sozialaren paradigma jorratu zituzten.
Zaintza eta bizitza eredua
Behin mamiari helduta, binakako solasaldien txanda hasi zen, GEZKI Institutuko Enekoitz Etxezarreta irakasleak gidatuta. Hurrengo urteetako erronkei buruz jardun zuten, eta hitza hartzen lehenak Jule Goikoetxea, Zientzia Politikoan doktorea eta EHUko irakaslea, eta Felix Arrieta, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta politologoa, izan ziren. Eta nahiz eta moderatzaileak antzeko profilak zituztela aipatu, zaintzaz eta zaintzaren beharrak asetzeko egitura formal eta informaletatik egin daitekeenaz iritzi trukaketa interesgarria izan zuten.
Iturria: DEIA