Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak euskal kooperatibismoaren Denon Artean saria jaso du

15 azaroa, 2021 | Kategoriarik gabe

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren (EKGKren) Denon Artean sariaren bigarren edizioak Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKAren) lana aintzatetsi nahi izan du. Kooperatibismoaren familia osoa elkartu zen Kursaalen, saria ospatzeko. Estatuko eta Europako kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren ordezkariak izan ziren bertan. NKAko lehendakari Ariel Guarcok adierazi zuenez, saria jasotzea «ohore bat da, eta, aldi berean, erantzukizun bat, 3 milioi kooperatiba eta 1.200 milioi kooperatibista barne hartzen dituen erakunde honen izenean lan egiten jarraitzera bultzatzen baikaitu».

Ekitaldian zehar hizlari aritu ziren, besteak beste, Eroskiko lehendakari Leire Mugerza, Oiarsoko (Bexen Medical) lehendakari Mª Eugenia Puertas eta Irizarreko lehendakari Iñaki Estensoro. Ahalegina, konpromisoa, elkartasuna eta berrikuntza izan zituzten hizpide. Era berean, Kursaaleko agertokira igo ziren CEPESeko (Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioko) lehendakari Juan Antonio Pedreño eta CICOPAko (Europako industria-kooperatibak elkartzen dituen erakundeko) lehendakari Iñigo Albizuri. Guztiek kooperatibismoaren malgutasuna eta erantzuteko gaitasuna nabarmendu zituzten, eta, ezaugarri horiei esker, etorkizuneko eredutzat eta «susperraldiaren lokomotortzat» jo zuten.

uskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakari Patxi Olabarriaren hitzetan, «funtsezko eginkizuna dugu: kooperatibismoa sustatu eta zabaltzea. Horrexek bultzatu gintuen Denon Artean saria sortzera». NKAk kooperatibismoaren aterki eta bozeramale gisa duen rola azpimarratu zuen Olabarriak, eta eskerrak eman zizkien ekitaldian parte hartu zuten kooperatiba-elkarte guztiei, «elkarlankidetza-ariketa honengatik, hori printzipio kooperatiboa baita eta agerian uzten baitu kooperatibismoak inoiz baino zentzu handiagoa duela gaur egun».

KONFEKOOPeko lehendakari Rosa Lavínek, bere aldetik, deialdi bat egin zien kooperatibei negozio-eredurik aurreratuenetan, digitalizatuenetan, hurbilenetan eta partaidetzakoenetan berritzaile izan daitezen, «gure nortasuna dela eta beste batzuk baino abiapuntu hobea baitugu horretarako».

Euskal kooperatibismoaren ereserkiak, «Bi hanka» izenekoak, eman zion azkena ekitaldi hunkigarriari, Kukai Dantza Taldearen eta Ganbara Koruaren eskutik. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendia eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano.

Iturria: KONFEKOOP