Mundukidek ‘Batu taupadara’ erakusketa ibiltaria jarri du martxan

30 ekaina, 2015 | Kategoriarik gabe

15. urteurrenean, Mundukidek bere proiektuak aurkezten ditu 'Batu taupadara' erakusketa ibiltariaren bitartez. Euren jarduera ezagutaraztea eta babesak lortzea dira gobernuz kanpoko erakunde horrek erakusketaren bitartez lortu nahi dituen helburuak.

Mundukidek Mondragon korporazioaren eredu kooperatiboa du eredu. Justizia oinarri duen gizarte-eredua bultzatzeko dihardu lanean, pertsona guztiei bizimodu duina eta aukera-berdintasuna eskaintzen diena. Mundukideren egitekoa hegoaldeko herriekin kooperatzea da, esperientzia, bitartekoak eta ezagutza elkarbanatuz garapen autogestionario osoa sustatu eta lan kooperatiboan dihardutenen solidaritatea aktibatzeko, Mundukidek berak dituen oinarri eta balioen bitartez.

15. urteurrena ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte bi helbururekin. Batetik, Mundukideren filosofia eta urteotan egindako lana eta emaitzak ezagutaraztea; eta, bestetik, etorkizunean proiektu berriak garatu ahal izateko pertsona gehiagoren babesa lortzea.

Jarduera horien artean dago Aretxabaletan, Urkulun, uztailaren 5ean egingo den kooperatiben arteko I. Mundukide Lasterketa Solidarioa. Hala, Mundukidek, kooperatiba taldeak Urkulu natura-ingurunean bilduko ditu kausa solidario baten aitzakian. Lasterketa honek talde-lana nabarmendu nahi du kooperatibismoaren nortasun gisa.

Iturria: OVES/GEEB eta TUlankide