Mondragonen 2019ko Kongresua

30 uztaila, 2019 | Kategoriarik gabe

Pasa den uztailaren 3an MONDRAGON Korporazioaren 2019ko Kongresua egin zen Donostian. Hitzordura guztira 650 konpromisario zeuden deituta, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko.

Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren aldetik –aurretiaz kide guztiei bidalitako agiri batean ere aurkeztuta–, bai Kontseilu Orokorraren aldetik.

Foro horretan, Kontseilu Orokorreko lehendakari den Iñigo Ucinek, bere mezuan aipatu zuen kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura etengabe egokitu beharra dutela.  “Azkar egokitu beharra daukagu datozen eta etortzen jarraituko duten aldaketetara, gero eta abiadura biziagoan. Negozioak, produktuak-zerbitzuak eta antolamendua egokitu behar ditugu, eta pertsonak ere, gu geu, egokitu behar dugu. Kooperatiboagoak eta lehiakorragoak izan, argi edukita, kooperatiboak bagara, lehiakorragoak izango garela”. Halaber, elkarren arteko lankidetza aipatu zuen, Mondragonen ibilbidea markatzen duten balioetako bat izanik, eta adierazi zuen: “beharrezkoa da Mondragon barruan zein kanpoan jardutea, enpresa helburuekin, baina baita helburu sozialekin ere”. Etorkizunari buruz, Ucinek adierazi zuzenez, “zorrotza izango da, ziurgabea eta erronkaz betea, asmatzea ez da beti gauza segurua izango, ezta azkar lortzekoa ere, eta horregatik, behar denerako, hobe prest egotea, eta hobe bakarrik ez egotea”.

Urtearen bilakaerari buruz, Ucinek esan zuenez, “hazten jarraitzen dugu, eta optimismo moderatu bat mantentzen dugu ekitaldiari dagokionez, baina oso adi begiratzen diogu garapenari, indarrean dagoen ziurgabetasun makroekonomikoagatik eta geopolitikoagatik”.

Bestalde, Kongresuko lehendakaria den Javier Goienetxeak hainbat aipamen egin zituen kooperatibek gizarteari egiten dioten ekarpenari buruz.  Eta Mondragoneko kooperatiben zazpi elementu bereizgarri aipatu zituen, hau da: “lurraldearekin konpromiso zalantzagabea izatea, aberastasuna sortu eta berdintasunez banatzea, pertsonak erdigunean jartzea, enplegua eta enplegagarritasuna, elkarren arteko lankidetza sistema, egokitzapen eta berrikuntza etengabea, eta garapen sozialarekiko konpromisoa”.

Iturria: TuLankide