Mondragonen 2017ko Kongresua

28 uztaila, 2017 | Kategoriarik gabe

Uztailaren 5ean MONDRAGON Korporazioaren 2017ko Kongresua egin zen Donostian. Bertan, Korporazioko lehendakari den Iñigo Ucinek kooperatibak zoriondu zituen izan duten bilkaera onagatik, eta esan zuen aurrera doazela “Etorkizuneko MONDRAGON” ponentzian ezarritako politiketan.

Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren, bai Kontseilu Orokorraren aldetik.  Kontseilu Orokorraren kudeaketaren deskargua Iñigo Ucin lehendakariak egin zuen, eta aurreko Kongresuan aho batez onartutako ponentzia aipatu zuen –“Etorkizuneko MONDRAGON”–, bere arretagune nagusiekin: “Balioen Bizipena”, “Antolamendu Egitura” eta “Elkarren arteko Lankidetzako Finantza Fondoak eta Tresnak”.

Horrez gain, datorren laurtekoaren kudeaketaren inguruan, Korporazioak 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean zehaztu du bere bide orria, negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik abiatuta garatzeko helburuarekin. Eta hori lortzeko bost estrategia definitu dira: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, lankidetza eta presentzia globala. Ucinek nabarmendu zuenez, “beharrezkoa da proiektu partekatu batekin konprometituta dauden pertsonak edukitzea, garai berrietara egokitzeko gaitasunarekin, atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko”. 

MONDRAGON 2016an

Kongresuarekin bat eginda, MONDRAGONen 2016ko ekitaldiaren balorazioa egin da, zeinak, oro har, bilakaera positiboa izan du bere aldagai enpresarialen multzoan.

Salmentei dagokienez, 11.399 milioi euro izan dira, hau da, aurreko urtean lortutakoak baino zertxobait hobeak, %0,3 igo baitira. Nazioarteko salmentak, industri arloari lotuta, salmenta guztien %70 izan dira.

Enpleguaren esparruan, berriz, talde osoa kontuan hartuta, pixka bat uzkurtu da, %0,9, eta lanpostuak 73.635 izan dira. Horri dagokionez, banaketa arloko enpleguaren murrizketa nabarmendu daiteke, hipermerkatuen sarean egindako desinbertsioengatik. Albiste positiboa industri arloaren bilakaera positiboa izan da, joan den urtean 1.404 enplegu berri sortu baitziren, lantalde osoan 34.329 lagun aritu zirelarik.

Beste atal aipagarri bat inbertsioena izan da, 457 milioi eurora iritsi baita, aurreko urtean egindakoak baino %44 gehiago.

Berrikuntzaren arloan, MONDRAGONek I+Gko 15 zentro ditu, guztira 461 patente familia ditu indarrean, eta 1.921 ikertzaile enplegatzen ditu lanaldi osoan.

Horrez gain, ebitda 1.031 milioi eurora irisi zen.

Iturria: TUlankide