Donostiako Kursaalean , Zuzendarien Garapenerako seigarren Forua egin da; urteroko bilera horretan, MONDRAGONeko kooperatibetako zuzendari taldeek elkar topatu dute, esperientziak partekatzeko eta enpresaren kudeaketaren arloko uneko gaiei buruz gogoeta egiteko. Ekitaldian MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakari Javier Sotilek parte hartu zuen, eta baita Victor Grifolsek (Grifols Taldea), Daniel Carreñok (General Electric) eta Bernardo Hernandez ekintzaileak ere.
Javier Sotilek azaldu zuen Esperientzia Kooperatiboa etapa berri baten atarian dagoela, eta aro horri “proatibitatetik, ausardiatik eta ilusiotik” aurre egin behar zitzaiola, “proiektu berritu bat erditzeko”. “DNA kooperatiboa” indartzearen beharraz ere aritu zen: “pertsonengan hasi, kooperatibatik igaro eta gizartean amaitzen den haria sendotu beharra dago”. Bestalde, proiektu kooperatiboak eta lehiakorrak izatearen garrantzia nabarmendu zuen, baita negozio berriak promozionatzeko gure gaitasuna martxan jartzeko premia eta kooperatibismo eraldatzaile batera hurbiltzeko beharra ere.
Ondoren, Grifols Taldeko lehendakari, kontseilari ordezkari eta exekutibo goren Victor Grifolsek hartu zuen hitza; taldea farmazia eta ospitale sektoreko espainiar multinazional espezializatua da. Besteak beste, merkatu globalaren garai berri, aldakor eta zailei aurre egiteko hainbat errezeta enpresarial eta esperientzia pertsonal azaldu zuen.
Daniel Carreñok, General Electric-eko kontseilari ordezkaria Espainian eta Portugalen, eta Bernardo Hernandezek, munduan berrikuntzari eta teknologia berriei dagokienez erreferentea denak eta Yahoo zein Google bezalako enpresa ezagunekin lotura duenak, berrikuntzaren inguruan eta negozioen eraldaketari buruzko gogoetak partekatu zituzten.
Iturria: TULANKIDE