Korporazioak 2021-2024 aldirako bere ibilbide-orria onartu du.
Kongresua MONDRAGON arautzen duten jarraibide edo irizpide orokorrak zehazten dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak zehaztea dagokion organoa. Urteko hitzordu korporatibo horretara 650 konpromisario deituak dira, taldeko kooperatiba guztien ordezkari gisa. Halaber, kooperatiba berriak sartzea onartzeko eta Batzorde Iraunkorraren kudeaketaren deskargua egiteko ardura du.
Joan den uztailaren 22an MONDRAGON Korporazioaren 2020ko Kongresua egin zen telematikoki. Javier Goienetxea Kongresuko lehendakariaren lehen hitzak “koronabirusa gogortasuna lehen pertsonan bizi izan dutenei eta haien familiak gogoratzeko” izan ziren. “Besarkada bat eta gure elkartasuna helarazi nahi diet guztiei. Ezin dugu ahaztu zenbaki handien atzean dauden familien mina eta pisua”.
Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboen kudeaketa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorrak –aldez aurretik batzarkide guztiei bidalitako agiri batean–, bai Kontseilu Nagusiak.
Ponentziak
Aurtengo edizioaren beste alderdi azpimarragarrienetako bat bi txostenen aurkezpena izan zen: bata, “2021-2024 politika sozioenpresarialari” buruzkoa, eta, bestea, “misioaren egokitzapenari” buruzkoa. Bi ponentziak zuzenketarik jaso gabe iritsi ziren Kongresura, eta osoko bilkurak onartu zituen.
Lehenengoari dagokionez, MONDRAGON taldeak hurrengo laurtekorako bide-orria ezarri du, “posizionamendua hobetzeko, aldaketa disruptiboen aurrean lehiakortasuna, lankidetza eta malgutasuna irabazteko”. Hori lortzeko, MONDRAGON zazpi ardatz estrategikoren garapenean konprometitu da: Kooperatibarekiko konpromisoa eta identitatea, Jasangarritasuna, Etorkizuneko negozioak, Malgutasuna eta moldagarritasuna, Eraldaketa digitala, Lankidetza eta Talentuaren erakarpena eta garapena.
Bigarren txostenari dagokionez, “Misioaren egokitzapena”, berariaz jasotzen du MONDRAGON erakundeak iraunkortasunarekin duen konpromisoa, eta azpimarratu du Korporazioa “eragile aktiboa dela hurrengo belaunaldientzako legatuarekin konprometitutako gizarte iraunkor, sozial eta ingurumenekorako trantsizioan”.
Ormaetxea eta Gorroñogoitiari omenaldia
Kongresu honetan ere omenaldia egin zitzaien Esperientzia Kooperatiboaren bazkide sortzaileei, José Mari Ormaetxeari eta Alfonso Gorroñogoitiari, iaz biak hil baitziren. Kongresuko lehendakariak, Javier Goienetxeak, honako hau adierazi zuen: “Ormaetxea eta Gorroñogoitia bi gizon zintzo, langile, eskuzabal eta kooperatiba-proiektuari erabat emandakoak ditugu, bi kooperatibista bikain, gure esperientziaren garapenean giltzarri izan direnak eta aintzatespen bero eta merezia eman dieguna”.
Bestalde, zenbait ikus-entzunezko proiektatu ziren kongresu honetan. Horietako bat MONDRAGON elkarteak pandemia garaian gizarteari egindako ekarpenari buruzkoa da, eta koronabirusari aurre egiteko kooperatibek egindako ekintza solidarioetako batzuk laburbiltzen ditu.
Beste ikus-entzunezko batean, Euskaraldia dela eta, Topaguneko lehendakaria, Kike Amonarriz, MONDRAGON Kongresura joan da kooperatibek euskaraz egindako bidea eskertzera eta Euskaraldian zuzenean parte hartzera gonbidatzera. Era berean, euskararen erabilerari dagokionez, aurtengo Kongresuan lortutako marka berria nabarmendu behar da: euskararen ahozko erabilera %97koa izan da.
Iturria: TuLankide