Maitelan zaintza lanei kolektiboki erantzuteko kooperatiba sortu dute

15 ekaina, 2020 | Kategoriarik gabe

Pertsonen arreta eta zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko antolaturiko emakume talde batek sortu du, pertsonei arreta eta zaintza zerbitzuak eskaintzea helburu duen kooperatiba. Horretarako, langile bazkideak (zaintzaileak), bazkide erabiltzaileak (zainduak) eta bazkide kolaboratzaileak bilduko dituen gizarte-ekimeneko kooperatiba integrala sortu dute.

Kooperatibak modu kolektiboan eman nahi die erantzun zaintza lanei eta zehazki, ondorengo zerbitzuak eskaintzen ditu: Mendekotasun egoeran dauden pertsonen gizarte- eta osasun-arreta, Akonpainamendu soziala, Ospitaleko akonpainamendua eta Garbiketa.

Esan bezala, kooperatiba integral moduan planteatu da zeinak langileei ez ezik, erabiltzaileei ere abantailak dakarzkien, kooperatibaren hitzetan: “Bazkide erabiltzaile (edo kontsumitzaile) izateak zerbitzuaren hartzailea egitura enpresarialaren parte izatea suposatzen du, bazkide eginez, kooperatibaren helburuak lortzen lagundu eta erabakiguneetan (batzar orokorra) parte hartzeko eskubidea izango duzu, bazkide bat bozka bat. Honek kalitate handiena prezio justuenean izatea bermatzen dizu, zerbitzuaren kalitatea eta prezioa langileen eta erabiltzaileen artean modu demokratikoan adostua izango baita. Beste modu batetara esanda, erabiltzaileak enpresaren parte izateak erabiltzaileak bere zaintza prozesuaren inguruko erabakimen osoa edukitzea bermatzen du, bai zerbitzuaren inguruan, eta bai honen prezioaren inguruan ere”.

Kooperatibaren web orrian irakur daitekeenez, “Pertsonak jaiotzen garen momentutik hiltzen gareneraino elkar-mendekoak gara, eta ondorioz, gure bizitza osoan zehar zaintza lanak ezinbestekoak ditugu. Zaintza lan hauek baina ez dira modu parekidean banatzen jendartean, emakumeok orokorrrean, eta zehazki, emakume migratu eta arrazializatuak baikara zaintza lan hauek egitearen arduradunak, gehienetan gainera, oso modu prekarizatu eta zaurgarrian”.

Eta beraz, “Egoera horri alternatiba bat bilatzeko asmoz, eta langileon lan baldintza duintzeko helburuz sortu dugu Maitelan kooperatiba. Gure helburu nagusia da artatzen ditugun pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta horretarako, ezinbestekoa deritzogu mendekotasun egoeran daudenen erabakimena bermatzea, zaindua izan dadin bere zaintza prozesuaren subjektu eta protagonista. Bestetik, proposatzen dugu ere zaintzen gaineko ardura kolektibizatzea, eta horretarako, bazkide kolaboratzaile figura sortu dugu, zeinak, lekua emango dion zaintza sektorea duintzeko eta kolektibizatzeko prozesu honetan parte hartu nahi duten pertsona, erakunde eta eragileei”.

 

Iturria: Maitelan