Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintzekin eman dio hasiera 2015 urteari

19 otsaila, 2015 | Kategoriarik gabe

Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintzak sustatuz eman dio hasiera 2015 urteari. Ekimen horien artean hiru nabarmentzen ditugu: blog berriaren aurkezpena, Ausolan kooperatibarekin sinatutako akordioa, eta, zahartze aktiboaren filosofiaren barne, desgaitasuna duten pertsona helduen bizi-kalitateari buruzko ikerketa.

Alde batetik, Lantegi Batuak entitateak urtarrilean estreinatu zuen blog berria, www.cienporciencapaces.com. Kanal berri hori online komunikazio proiektuaren lehen pausoa da. Bloga atal desberdinetan dago egituratuta: Gaurkotasuna, Zerbitzu eta Irtenbideak, Gizarteratzea, Gaitasunak eta Ekitaldiak. Modu horretan, Lantegi Batuak-ek eduki hobeak eta hobeto egituratuak eskaintzen ditu, bisitari bakoitzak gehien interesatzen zaiona aurki dezan: desgaitasuna duten pertsonekin egiten diren ekintzak, negozio ekimenak, enpresentzako zerbitzuak, kolaborazioak eta abar. Blogetik Lantegi Batuak-eko webgunera, Youtubeko kanalera eta sare sozialetan dituzten profiletara sar daiteke.

Bestetik, Lantegi Batuak-ek eta Ausolan-ek, talde handientzako sukaldaritza-zerbitzua eskaintzen duen kooperatibak, desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzeko akordioa sinatu dute. Hitzarmen horri esker, Ausolanek Lantegi Batuak-eri 4.000 euroko diru-laguntza emango dio, eta azken horrek prestakuntza eta trebakuntza programetara zuzenduko du dirua.

Azkenik, Lantegi Batuak-ek desgaitasuna duten 40 urtetik gorako pertsonen zahartze sintomak berandutu nahi ditu, zahartze aktiboaren filosofiaren barne, beren bizi-kalitatea hobetzeko. Zentzu horretan, 2006. urtean, BBK Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, pertsona helduaren gaitasun fisikoak eta lan-gaitasunak aztertzen dituen sistema garatu zuten, baita zahartze sintomak antzematen dituen protokoloa ere. Izan ere, zahartze prozesua aurreratu egiten da adimen urritasuna dutenen artean.

2014. urtearen bukaeran, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, aipatutako adin tartean dauden pertsonak ikertzen hasi ziren, eta zahartze prozesua hasita dagoela erakusten duten sintomak nortzuk zituzten egiaztatu zuten. Horri aurre egiteko, lau metodologia probatu zituzten: Feldenkrais, Snoezelen, Biodantza eta Funtzio Anitzeko Teknologia.

Iturria: Lantegi Batuak eta GEEB