Lantegi Batuak, Bizkaian urritasuna duten pertsonen laneratzea sustatzen duen irabazi asmorik gabeko erakundeak, 2015-2017 aldirako Plan Estrategiko berria aurkeztu du. Helburu nagusien artean honakoak ditu: lan-aukera berriak sortzea, lehiakortasuna hobetzea eta urritasuna duten pertsonen gizarte eta lan arloko garapena bultzatzea.
Lantegi Batuak-en aurreikuspena datozen hiru urteetan 130 lanpostu berri sortzea eta. Horretaz gain, orain arte bezala Bizkaiko zentroetan zerbitzu okupazionala garatzeko itxarote-zerrendarik ez egotea ere badauka helburutzat. Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako postu okupazionalen eskaerari erantzuteko gaitasuna badauka, beraz, eta hori erakundearen lorpen handi bat da, Bizkaikoa baita kasu bakarra estatu mailan.
Horrela izanik, eta 2017ra arteko aurreikuspenei gehituta 2012-2014 aldian sortutako enplegua (191 lanpostu), 6 urtetan –egoera ekonomikoa zaila izango dela jakinik- Lantegi Batuak-ek 321 lanpostu berri lortuko ditu Bizkaian urritasuna daukaten pertsonentzat.
Era berean, Lantegi Batuak-ek aurreikusi du hiru urtetan, 2017ra arte, 10 milioiko balioko inbertsioak egitea eta Bezeroentzako balio erantsiaren bolumena 85 milioi eurokoa izatea.
Emaitza horiek adierazgarriak dira baina Lantegi Batuak-en moduko erakundeek egiten duten balio-ekarpena ere aipatzekoa da. Izan ere, gizarte ekonomiako erakundeek sortutako onura gehigarriak zenbatezinak dira, zentzu hauetan: gizarte-kohesioa, komunitatearen lotura, gastu publikoaren eraginkortasuna, osasun sistema eta gizarte zerbitzuetan aurreztea, eta abar.
Horrela izanik, EHUk berriki egindako ikerketa batean Lantegi Batuak-ek Bizkaian sortutako ekarpen sozial eta ekonomikoak aztertu dira. Hainbat ondorio atera ziren eta horien artean, datu hauxe aipatuko dugu: erakundearen enplegu zentro berezietan inbertitutako euro publiko bakoitzeko, 6,35 euroko itzulkina jasotzen du gizarte osoak.
Iturria: Lantegi Batuak