Pasa den ekainaren 24an GEZKIk antolatutako “Langileen parte hartzea enpresan: egoera eta erronkak” jardunaldi akademikoa egin zen Donostiako Joxe Mari Korta egoitzan.
Langileen parte hartzea enpresan inoiz zaharkitua geratzen ez den gaia da. Gure legedia oso lausoa da eremu honetan, ia ez da legezko betebeharrik. Horregatik, langileen parte hartzearen auzia langile eta enpresen arteko erronka da. Jardunaldi honetan gai horri buruz hausnartu zen. Horretarako, unibertsitateko ikuspegi teorikoa eta langile zein enpresaburuen ikuspegi praktikoa lantzea izen zen helburu nagusietako bat.
Jardunaldi aberasgarria izan zen, ikuspegi ezberdinak aztertu baitziren. Irekiera ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko Zuzendaria den Jokin Diazen eta GEZKIko zuzendaria den Aitor Bengoetxearen esku egon zen. Lehenengo atalean, esparru juridikoa, eredu konparatuak, Euskal Herriko egoera zehatza aztertu zituzten aditu ezberdinek.
Bigarren atalean, berriz, langile, enpresa eta erakunde ezberdinen ikuspegi praktikoa landu zen. Batetik, Euskal Herriko eredu desberdinen aurkezpena egin zuten, eta bukatzeko, mahai inguru interesgarria antolatu zen agente ezberdinen parte hartzearekin.
Hurrengo egunetan, jardunaldiaren grabaketa osoa ikusgai izango da GEZKIko web orrian.
Iturria: OVES-GEEB