Laneratzeko enpresentzat erreserbatutako kontratuen jardunaldia

29 azaroa, 2024 | Kategoriarik gabe

Joan den azaroaren 21ean, «Laneratzeko enpresentzat erreserbatutako kontatuak: SPKLren 4. xedapen gehigarria betetzeko gakoak» jardunaldian egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, laneratze enpresetako profesionalak, toki administrazioetako teknikariak eta politikariak eta hirugarren sektore sozialeko langileak bildu ziren.

Goiza, Rosa Gil Gizateako Presidentearen ongietorriarekin hasi zen. Honek, gogora ekarri zuen hainbat arrazoi direla medio, lan egiteko aukerarik ez duten pertsona askoren alde lan egiten jarraitu behar dela. Hitzaldiaren ondoren,Marijose Rodrigok, Gizateako Zuzendaritza Batzordeko eta Kontratazio Erreserbatuko Batzordeko kideak, laneratzeko enpresentzako erreserbatutako kontratuen araudi eta Gizateak egindako jardueren bidez, gure lurraldean kontratazio erreserbatua zein egoeratan dagoen adierazi zuen.

Jarraian, Amada de Juan, OIReScon-eko Kontratazio Publikoa Gainbegiratzeko Ataleko batzordekide zuzendaria, izan zen, organoan egiten duten lanaz eta administrazio-maila guztietan kontratazio estrategikoaren plangintza izateko beharraz hitz egin zuen. Bere hitzaldiari amaiera emateko, gomendio batzuk eman zizkien bai administrazioari bai gizarte-eragileei, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 4. xedapen gehigarria betetz aldera.

Hitzaldi nagusiaren ondoren, Esperientzien Mahaia izan zen, non kontratazio erreserbatuko hiru kasu ezagutzera eman ziren, laneratzeko enpresetan enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sortu dutenak:

Alazne Palacín, SOKAIRE SERVICIOS DE LIMPIEZA enpresako gerenteak, Basauriko Udalarekin egindako kontratuari buruz hitz egin zuen. Kontratu horren bidez garbiketa-zerbitzuak eta ikastetxeak ixteko zerbitzuak ematen dituzte aspaldidanik.

David Lópezek, Emaus-Koopera ABEEko gerenteak, Gasteizko Udalaren kontratu erreserbatuaren kasua aurkeztu zuen. Kontratu horren bidez, 250.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete tamaina handiko bilketa-zerbitzua. Erronka horri aurre egin diezaiokete bi laneratze-enpresen arteko aliantzari esker.

Azkenik, Donostiako Hostel UBAren kasua ezagutu zuten bertaraturikoek, Iñigo Olaizola Donostia Sustapena – Fomento San Sebastián sozietateko zuzendariak eta Jon Basaldua SUSPERTU gizarteratze-enpresako arduradunaren eskutik.

Kaferako etenaldi baten ondoren, Erreminten Mahaia izan zen, eta bertan legea betetzeko gakoak eta baliabideak ematen saiatu ziren. Horretarako, ondorengo pertsonek hartu zuten parte:

Marta Mariñok, Galiziako Xuntako Gizarte Ekonomiako zuzendari nagusiak,  Galiziako Laneratzeko Enpresen Elkarteko presidente Isabel Fragarekin batera, “Galiziako Kontratazio Erreserbatuaren Jarraipen Mahaia” aurkeztu zuten. Organo honek erreserba-konpromisoa betetzen dela zaintzen du eta araudian hobekuntzak proposatzen ditu.

Iñaki Mendiorozek, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ekonomiaren eta Lanaren zuzendari nagusiak, Foru Gobernuaren neurri eta tresnez hitz egin zuen, besteak beste, Enplegu Babestuaren Batzordeaz, Nafarroako kontratazio atariaz edo Gizarte Ekonomiari buruzko egitura arauemaileaz.

Pedro Carrascok, KOOPERAko kontratazio publikoko teknikariak, gizarteratze enpresatik kontratazio erreserbatua bultzatzeko abian jar daitezkeen ekimenetako batzuk eman zituen.

GIZATEAko lantalde teknikoko Joana Revilla eta Miren Urkizuren eskutik, jardunaldiaren amaiera iritsi zen, eta CCR- Kontratazio Batzorde Erreserbatuak landutako materialen aurkezpena egin zen.

Iturria: Gizatea