Gaur, maiatzaren 14an, landa-inguruneko emakumeei eta Euskadiko eta Palestinako kooperatibetan emakumeek izaten duten eginkizunari buruzko jardunaldia egingo da Donostian.
BLB/ACPP Bakerako Lankidetza Batzarrak jarduera hau antolatu du. “Emakumeek erabakitzen dute: emakumeak landa-eremuan. Euskadi-Palestina” proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera gauzatzen ari dira, eta proiektu horren esparruan antolatu dute aipatutako jarduera.
Hona hemen jardunaldian parte hartuko duten hizlariak:
- Isabel Álvarez Vispo hezitzaile eta agroekologo da lanbidez. Azken 15 urteotan elikadura-burujabetzaren eta agroekologiaren gaineko aktibismoa eta lana egin ditu prestakuntzaren eta ikerkuntzaren ikuspegitik. Azken urteotan ikuspegi feminista bereziki landu du bere jardunean. Besteak beste, honako hauek argitaratu ditu: «La Salud y la alimentación desde la mirada feminista», in Salud y Derecho a la alimentación. Bienestar, equidad y sostenibilidad a través de políticas alimentarias locales (Fundación Entretantos y Red de Ciudades por la Agroecología, 2018); Mirene Begiristain-ekin batera, «Feminismo para los sistemas alimentarios y la agroecología» argitaratu du Economías-Otras monografikoan (RIESISE, 2. liburukian); eta Paola Romero-rekin batera, «Can feminist agroecology be scaled up and out?», Farming Matters
- Mónica González Llamazares BLB/ACPP Euskadi batzarreko ordezkaria da, eta, Palestinako kooperatiben bitartez, emakumeak ahalduntzeko proiektuak kudeatzen ditu. Hortaz, antolakundeak han egiten duen lanaren azalpen laburra emango digu. BLB/ACPP elkarteak 10 urtez baino gehiagoz emakumeen lidergoa sustatu du Palestinako eta beste lurralde batzuetako nekazaritza-kooperatibetan.
- Malu Egiluz baserritarren alaba da, eta Latinoamerikan eman ditu hainbat urte. Bertan ezagutu eta ikasi ditu lurra lantzeko eta lurrarekin elkarlanean aritzeko beste modu batzuk. Itzuli ondoren, familiaren abeltzaintzaz arduratzea erabaki zuen. Hortaz, Zeanurin harategia zabaldu zuen, haragia merkaturatzeko, eta, geroago, herriko benta eta jantoki bilakatu da: Txoko Sagarna. Etxeko eta bertako produktuak saltzen dituzte. Gainera, errota ere berreskuratu zuen, eta ogia laberatzeari ekin zion. Malu Egiluzek konpromiso handia dauka Artea Sarearekin, eta argi ikusi zuen bere lurra migratzaileei harrera egiteko lekua izan zitekeela.
- Amets Ladislao Gonzalez-ek hogei urtez baino denbora gehiagoz jardun du nekazaritzako ustiategietan. Duela bederatzi urte, Bizkaigane elkartean lan egiten hasi zen; Errigoiti herrian, zehatz-mehatz. Proiektu kolektibo horretan esne-behiekin eta ardiekin jarduten dute, eta nekazaritza ekologikoa sustatzen dute. EHNE Bizkaia elkarteko kidea da, baita Etxaldeko Emakumeak elkarteko kidea ere.
Donostian izango da, Emakumeen Etxean. Topaketa aurrez aurrekoa izango da, baina, pandemia dela eta, segurtasun-protokolo guztiak beteko dituzte. Horrez gain, Interneten bidez jarraitzeko aukera ere izango da. Izena emateko mezu bat bidali behar da hona: gipuzkoa@acpp.com
Iturria: BLB/ACPP