Laboral Kutxak 111 milioi euroko mozkina izan du 2016an

28 otsaila, 2017 | Kategoriarik gabe

Hipoteka maileguak %24 gehitu ditu aurreko urtean, eta mailegu pertsonalak,%11,2; enpresen maileguek, berriz, %10 egin dute gora. Finantza sisteman kaudimenik handiena duten erakundeen artean dago kreditu kooperatiba.

Interes tasa txiki-txikiak eta etengabeko arau aldaketak" 2016ko ezaugarri izan direla dio Laboral Kutxak. Ezaugarri horiek "zailtasun handiak" ekarri dituztela dio entitateak errentagarritasun mailari eusteko. Hala ere, 111,3 milioi euroren mozkin bateratuak lortu ditu 2016ko ekitaldian.

Aurreko ekitaldia ixtean, sektoreko kaudimen mailarik onenetarikoa erakutsi du Laboral Kutxak. Hain zuzen ere, %17,46koa da CET1 fully loaded ratioa. Era berean, likideziak hobetzen jarraitu du, eta LTD (loan to deposit) indizea %83ra igo da. Horrez gain, kreditu zorroaren kalitateak ere hobetzen jarraitu du: zalantzazko aktiboak %23,8 gutxitu dira, eta, horri esker, berankortasun tasa %5,82ra jaitsi da, sektorearen batez bestekoaren oso azpitik geratzeraino.

Laboral Kutxak kudeatutako baliabideen bolumen osoa 19.619 milioi eurokoa izan da 2016ko abenduaren 31n, %4,62 hazi ondoren. Eta kreditu inbertsioa 13.433 milioi eurora heldu da. Hala, 2015eko kopuruarekin alderatuta, hipoteka maileguek %24 egin dute gora; mailegu pertsonalek %11,2, eta enpresak, autonomoak eta negozioak helburu dituzten maileguek, %10.

Edonola ere, finantzaketa berriaren kopurua ez da nahikoa izan amortizazioen zenbatekoa gainditzeko, "nahiz eta kreditu kooperatibak lehiakideek baino portaera hobea izan duen atal horretan". Maileguetan lortutako igoera handiek neurri handi batean eutsi diote saldoen jaitsierari. %1,5eko jaitsiera izan du entitateak, "baina gainerako erakundeena %4,6koa izan da".

Iturria: Berria