Garai berriak bizi ditugu gure gizartean eta honek isla dauka gizarte ekonomiaren sektorean ere. Azken urteotan ekimen eta esperientzia berriak sortu dira, kooperatibagintzaren klabeetan oinarritzen direnak baina molde, egitura eta amets berriekin datozenak. Esperientzia berri hauen artean nabarmentzekoak dira: energia berriztagarrietan oinarritzen den Goiener kontsumo kooperatibaren sorrera eta gorakada, gaur egun 5.700 bazkidetik gora dauzkana; OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailearen sarea, 25 erakundetik gora saretu dituena azken bi urte hauetan; elikadura burujabetzaren bueltan sortzen ari diren dozenaka eta dozenaka kooperatiba eta kontsumo talde, tokiko produktu agroekologikoen ekoizpena eta kontsumoa ahalbidetuz.
Kooperatibagintzaren olatu berri honen baitan kokatzen dugu KoopFabrika ere, ekintzailetza sozial eta kooperatiboa sustatzeko programa. Ekintzailetza molde berriak praktikan jartzeko aukera dagoela uste dugu, aktibitate sozio-ekonomiko berrien sustapena kooperatibagintzaren klabeetan oinarrituz. Beharra dago kooperatiba berrien sustapenean urrats berriak emateko eta sortzen doazen kooperatiba berriak saretzeko. Badago beharra. Badago inpultsoa. Badago aldea.
Kooperatibagintzaren matrizean oinarritzen den ekintzailetza programa da KoopFabrika eta bere baitan biltzen ditu gizarte ekonomiaren ezaugarri nagusiak: gizarte eraldaketa bokazioa, interkooperazioa, izaera kolektiboa, parte-hartzea, ekintzarako inpultsoa etab. Kooperatibagintzaren matrizea ekintzailetza programaren zentrora ekartzeko hiru egiteko nagusi uztartzen ditu KoopFabrikak: praktika, formazioa eta saretzea. A) Hazitegiak: eskualdeetako hazitegi-nodoek osatzen dute KoopFabrikaren oinarria, non proiektu kolektibo berriak garatzen diren, tokiko behar eta errealitateak kontutan hartuz; B) Formazioa: hazitegietako dinamikaz gain, formazio prozesu bat ere abiatzen da, pertsona eta talde ekintzaile horiek kooperatibagintzaren oinarrian dauden konpetentzietan gaitzeko. Alde batetik, erreminta espezifikoak ezagutuz eta aplikatuz; eta bestetik, gaur egun bizi ditugun aldaketen inguruan hausnarketa eta talde-eztabaida sortuz; C) Saretzea: proiektu berriak sortu eta pertsonak ahalduntzeaz gain, KoopFabrikak dimentsio komunitarioa ere lantzen du, egungo ehun komunitarioan (tokikoan zein sektorialean) txertatuz ekimen berri hauek.
Aurten abiatu dugu KoopFabrikaren lehen edizioa, aurreko beste bi esperientzia pilotuetan ikasitakoa kontutan hartuz (Kooperatzen eta Berrekin.Berregin). Oso interesgarria izaten ari da lehen edizio hau, parte-hartze, motibazio, inpultsu eta saretze handiarekin. Sentsazioa dugu bide luze eta oparo baten hasieran besterik ez gaudela; bizipen, esperientzia eta erronka berriz betea izango den bidea. Bide horretan, asmoa daukagu aurrerantzean gizarte ekonomiako beste eragileekin ere lankidetza zabaltzeko, bizi dugun olatu kooperatibo berri hau egungo sare kooperatiboarekin elkarrizketan jarriz.
KoopFabrika lankidetza programa bat da: Olatukoop sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatua, Beterri-Buruntza udalak, Oarsoaldea eta Debagoienako Garapen Agentziak eta Bagara kooperatibarekin lankidetzan eta Gipuzkoakoa Foru Aldundiak finantzatua.
Aritz Kanpandegi eta Arianne Kareaga – Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiko kideak eta KoopFabrikaren koordinazio taldeko partaideak.