
GEZKIko kide Aitor Bengoetxea eta Enekoitz Etxezarretak hizlari gonbidatu bezala parte hartu zuten UEUko udako ikastaroen baitan Jakin-ek urtero Usurbilen antolatzen duen jardunaldian, aurten kooperatibismoaren gaiaren bueltan (https://www.ueu.eus/jarduera-akademikoa/2182-kooperatibismo-bat-komunitateari-begira-lurraldeetako-beharrei-erantzuteko-ereduak-zabaltzen-jakin-jardunaldia)
Aurtengo edizioan komunitatea eta kooperatibismoaren arteko harremanak aztertu nahi izan ziren, lankidetza publiko-komunitarioaren markoan eredu kooperatiboak izan lezakeen funtzioa jorratu asmoz.
Jardunaldian gai honen hurbilketa erpin ezberdinetatik burutu zen. Lehenik ereduaren oinarri teorikoak plazaratu nahi izan ziren, eta bertan Enekoitz Etxezarretak kooperatibismo eraldatzailearen oinarri teorikoen proposamen bat garatu zuen, pentsamendu kooperatiboaren eta ekonomia solidarioko teorizazioen argitan.
Bigarrenik, lankidetza publiko-komunitarioa garatu ahal izateko dauden korapilo juridikoak aztertzeko mahai-inguruan, Aitor Bengoetxeak zuzenbide administratiboa eta kooperatiboaren azalpena eta horien gurutzaketak baimentzen dituen formulazio juridikoak identifikatu zituen.
Azken saio batean egun indarrean diren zenbait praktika azaldu ziren, denak ere “Herri Kooperatiba” kontzeptuari lotuak, zeinaren teorizazioan ekarpenak egin baitituzten GEZKIko bi kideok (https://koopfabrika.eus/argitalpenak/)