Pasa den irailaren 6an, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen (UIK) barruan, Kooperatiben Kontseoluak jardunaldi bat egin zuen Donostian, euskal kooperatibek egungo gizartearen erronkei aurre egiteko duten gaitasuna ikusarazteko asmoz.
‘Kooperatibaren erantzunak gaur egungo gizartearen erronkei ‘da Kooperatiben Kontseiluak bigarren urtez jarraian bultzatu duen udako ikastaro honen izenburua. Munduan gertatzen ari diren eraldaketen aurrean, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak “euskal enpresa kooperatiboek duten jarrera positiboa aztertu eta ikusarazi” nahi izan zuen.
Kooperatiben Kontseiluko presidenteak, Patxi Olabarriak, ireki zuen ikastaroa, eta Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ere parte hartu zuen. Jardunaldiaren lehen zatian, jarduera ekonomikoen etorkizunari eta erronka demografikoari buruzko bi txosten aurkeztu ziren.
Prospektiker – Prospektiba eta Estrategiako Europako Institutuaren zuzendari Ibon Zugastik joera ekonomiko globalen egungo egoera eta oinarri industriala duten euskal enpresa kooperatiboen kasua aztertu zituen, munduko beste eskualde batzuetarako errentaren birbanaketaren eta enpresa-proiektu kolaboratiboen garapenaren adibide gisa.
Bestalde, Xabier Aierdi Begirune Fundazioko presidenteak Euskadik aurrean duen erronka demografikoaren azterketan sakondu zuen, Europako eskualderik zahartuenetarikoa den aldetik, eta gertatzen ari diren migrazio prozesuen rolean. Aierdik azaldu zuenez, immigrazioa “gure gizartearen egiturazko arazoentzako irtenbidea izan daiteke”.
Ikastaroaren bigarren zatian, erronka demografikoarekin lotutako hainbat esperientzia kooperatiboren berri eman zen. SSI, Bihar Homecare eta Ikerlan taldeetako ordezkariek zahartzearekin, gazteriarekin eta talentua erakartzearekin lotutako enpresa kooperatiboen proiektuak azaldu zituzten.
Jardunaldia amaitzeko, Zigor Ezpeleta Arrasateko zentro korporatiboko kudeaketa sozialeko zuzendariak hitzaldi bat eman zuen, eta egungo egoera sozioekonomikoaren testuingurua azaldu zuen, “ekonomia sozialak erronkei nola aurre egiten dien eta zer estrategia ezar daitezkeen, eraldaketarako etorkizun bati arrakastaz ekiteko”.
Iturria: Noticias de Gipuzkoa