Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela-eta egindako pertzepzio-azterketa aurkeztu zuen, “Elkarrekin hobeto berreraiki” lemapean.
Enpresa kooperatiboaren balioak indartu egin dira pandemiaren urte honen ondoren. “Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da pertsonak protagonista izango dituen eta guztion onerako izango den eredu ekonomikoa. Krisi honetatik hobeto atera nahi badugu, lankidetzan aritu behar dugu”. Mezu hori zabaldu zuten Euskadiko Kooperatiben Mugimenduak eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak uztailaren 3an egin zen Kooperatiben Nazioarteko Eguna zela eta. Aukeratutako lema, “Elkarrekin hobeto berreraikitzea”.
Ospakizun horrek Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenaren (CSCE-EKGK) pertzepzio-azterketa aurkezteko balio izan zuen. Azterketa horren arabera, euskal herritarrentzat kooperatibak dira maila sozialean hobekien aintzatetsitako enpresa-gizartea.
Elena Pérez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak, Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Goreneko presidenteak eta Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakariak kooperatibek ekonomiaren eta gizartearen berreraikuntzan duten garrantzia nabarmendu zuten Bilbon.
“Urte oso gogorretik gatoz, eta zalantzak ditugu oraindik. Oraindik lan asko dago egiteko. Baina bada zerbait ikusi duguna: kooperatibak beste enpresa batzuk baino erresilienteagoak izan direla. Aurre egiten jakin dute eta irteteko hobeto prestatuta daude”, esan zuen Lan sailburuordeak.
Patxi Olabarria CSCE-EKGKko lehendakariak, berriz, honako hau adierazi zuen: “Euskadik erreferentzia izaten jarraitzen du nazioarteko kooperatiben ereduan, eta zailtasunak zailtasun, hazten jarrai daitekeela erakutsi du”.
Olabarriak kooperatibismoari eta kooperatibei buruzko 650 inkesten bidez egindako pertzepzio-azterketaren emaitzak aurkeztu zituen. Azterlanak hainbat alderdi lantzen ditu, hala nola kooperatibismoari buruzko ezagutza maila, sozietate kooperatiboen irudia eta zein diren ezagunenak. “Ondorio nagusia da sozietate kooperatiboak direla maila sozialean ondoen ezagutzen den enpresa-gizarte mota, eta horrek asko pozten gaitu”, azpimarratu zuen.
Kooperatibismoaren irudi on hori hurbiltasun-sentimenduaren bidez berresten da, inkestatutako pertsonen %66k kooperatiba batean lan egiten duten senideak edo lagunak baitituzte. Gainera, kooperatiba-sozietateei kontzeptu eta balio hauek esleitzen zaizkie esklusiboki: aberastasun partekatua (% 79,7), pertsonen parte-hartzea (% 78,5) eta langileen konpromisoa (% 60,2).
Elkartasuna, gardentasuna eta pertsona zentroan kokatzea dira kooperatibei gainerako enpresei baino gehiago lotzen zaizkien ezaugarriak. Hori dela eta, kooperatibek gomendio-indize hobea lortzen dute lan egiteko leku gisa, kalitatezko enpleguarekin lotuta.
Gehien ezagutzen diren kooperatibak nekazaritzakoak eta etxebizitzakoak dira; hala ere, adibide zehatzak aipatzean, gehienak lan elkartukoak dira —industrialak, eraikuntza eta zerbitzuak—. Azterlanaren arabera, hauek dira ezagunenak: Grupo Mondragón, Eroski, Fagor, Irizar, Laboral Kutxa, Ulma, Orona, LagunAro, Maier eta Danobat.
CSCE-EKGK pozik agertu zen euskal kooperatibek duten irudi onarekin, eta erronka hauek nabarmendu zituen: “kooperatibismoa bere aniztasun osoan onartzea eta gazteriaren arteko kooperatibismoaren ezagutza areagotzea”. Horrez gain, kalitatearen, iraunkortasunaren eta aukera-berdintasunaren ezaugarriak indartu zituen.
Iturria: Konfekoop