Kooperatibagintza eta euskal alderdi politikoak protagonistak Forokoopen XI Jardunaldian

30 urria, 2017 | Kategoriarik gabe

Jardunaldia Bilbon egin zen urriaren 18an eta euskal kooperatiba mugimenduko zein administrazio publikoetako ordezkari ezberdinak bertaratu ziren. Bertan, Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiek Euskal Kooperatiben Mugimenduarentzako (EKM) paper kuantitatibo eta kualitatibo garrantzitsuago bat eskatu zuten.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailburu María Jesús San José izan zen ekitaldiari irekiera emateko arduraduna, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko Presidente Javier Goienetxea eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Presidente Rosa Lavinekin batera.

Jarraian Sevillako Unibertsitateko Juan Torres ekonomia katedradunak hitzaldi interesgarri bat eskaini zuen, “Kooperatiben papera egungo gizartean” izenpean, non egungo egoera ekonomikoaren irakurketa bat egin zuen, kooperatibek gure gizartean duten papera isladatzearekin batera (aurkezpena beheko link-ean ikus daiteke).

Ondoren Pilar Kaltzadak moderaturiko mahai inguruan bilduta euskal alderdi politikoen garaia izan zen. EAJ-PNV (Aitor Urresti), Euskal Herria Bildu (Leire Pinedo), Elkarrekin – Ahal Dugu (Jose Ramón Becerra), PSE (Sonia Pérez) eta Alderdi Popularra (Carmelo Barrio) bat etorri ziren, nabarmenduz oso garrantzitsua dela EKM presente egotea azterketak egin eta erabakiak hartzeko martxan dauden foro instituzional guztietan, kooperatiben ezagutza eta balioak mota guztietako erakunde instituzionaletan txertatuko direla ziurtatzeko, hala nola industria-politika publikoak kudeatzeko ardura daukaten guneetan, hezkuntzaz arduratzen direnetan, enpleguaren ingurukoetan, gizarte-politiken ardura daukatenetan, etab. Legealdi honetan irekiko den aukera ere nabarmendu dute indar politiko guztiek, izan ere, Lan eta Justizia Sailburuak aurreratu zuen bezala, euskal kooperatiben Lege berria onartzea aurreikusita bai dago.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu izan zen jardunaldiari itxiera eman ziona, azpimarratuz euskal kooperatibismoak etorkizuneko garapen-eredua eraikitzeko eta zabaltzeko duen garrantzia.

Jardunaldiko bideoak (aurkezpenak, hitzaldia eta mahai ingurua), egitaraua eta bestelako intereseko materiala Forokoopen web orrian eskuragarri daude (egin klik hemen).

Iturria: Forokoop, GEEB