Kooperarock aurkeztu da: kooperatibagintzaren artea

29 iraila, 2016 | Kategoriarik gabe

Kooperarock, Donostia 2016k, Mondragon Unibertsitateak, LANKI Ikertegiak eta Teatro Paraisok elkarlanean garatu duten proiektua da.

Kooperarock: Kooperazioaren Artea, kooperatibagintzaren balioak artearen bitartez gizarteratzea helburu duen proiektua da. Kooperarock, DSS2016ren baitako beste hainbat proiekturen antzera, era berritzailean, elkarrengandik urrundutako disziplinak uztartu ditu lehen aldiz. Proiektuaren helburua da, emozioen bidez, herritarrek kooperatibagintzaren funtsa ulertzeko esperientzia artistikoa bizitzeko aukera izatea.

Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibagintza Ikertegiak bideratutako hausnarketa-prozesu batetik abiatuta, urtarrilaz geroztik, aztertu dira kooperatibagintzaren oinarrizko balioak. Horretarako jarri dira elkarlanean Euskal Herriko unibertsitateak, ekonomia sozial eta solidarioko eragileak, herrigintzako kideak, MONDRAGON taldeko kooperatibak eta komunikabide libreak. Hausnarketa prozesu horren emaitzekin, Gasteizko Teatro Paraiso taldeak sortuko du antzezlan bat, dramatizazioaren bidez, erakutsiko duena Ipar eta Hego Euskal Herriko ikastetxeetan kooperatibismoaren balioak.

LANKI ikertegia izan da orain arte Kooperarock proiektuaren ekintzak bideratu dituen eragilea. Besteak beste, Euskal Herriko hiru unibertsitateetako Kooperatibagintza ikertegi diren GEZKI, MIK eta IECerekin batera egindako hausnarketa jardunaldiak, ekonomia sozial eta solidarioaren alde lanean ari diren OLATUKOOP eta REASekin batera ekintzailetasun soziala indartzeko emandako urratsak edota Euskal Herriko Irrati Libreen ARROSA Sarean landutako gaiak, Argia agerkariko blogean eta Info7ko webgunetan legadoa utziz.

Gainera, urriaren 5ean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Aretxabaletako campusean aurkeztuko da Kooperarock proiektuaren baitan sortutako “Belaunaldien arteko elkarrizketak” dokumental laburra. Aurkezpen horretan, eta mahai baten bueltan, solasean bilduko dira dokumentalean parte hartU duten hiru belaunaldi ezberdinetako hiru gizon eta hiru emakumeak.

Informazio gehiago

Iturria: Tulankide