Juan Antonio Pedreño, Social Economy Europe entitateko presidente berria

17 abendua, 2015 | Kategoriarik gabe

Social Economy Europe (SEE) entitatearen batzarrean, abenduaren 3an, aho-batez aukeratu zuten Juan Antonio Pedreño CEPESeko presidentea, SEEko lehendakari izateko hurrengo hiru urteetan. Agintaldian hiru presidenteorde izango ditu: Alain Coheur, Mutualitatearen nazioarteko elkarteko (AIM) lehendakaria eta orain arte SEEko presidentea; REVESeko (Gizarte Ekonomiaren aldeko Hiri eta Herrialdeen Europako Sarea) Luis Martignetti; eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko Frantziar Ganberako Emmanuel Verny.

Europako gizarte-ekonomiaren interesak defendatzeko sortu zen SEE duela 15 urte. Egun, 14 milioi lanpostu elkartzen ditu, eta Europako enpresen %10, erakundeak berak emandako datuen arabera.

Juan Antonio Pedreñok aurreko lantaldeak egindako lana eskertu zuen, izan ere, bere esanetan, "entitate hau europar erakundeen aurrean sendo kokatzea" lortu zuen. Halaber, Europako sektoreari eskerrak eman zizkion beregan eta lantalde berriarengan jarri duten konfiantzagatik. "Ilusioz beteriko epe berriari ekingo diogu, erronka askorekin, Europako gizarte-ekonomia merezi duen lekuan jarri ahal izateko", gaineratu zuen Pedreñok.

Agintaldirako ezarritako lehentasunen artean, SEEko presidente berriak adierazi zuen Europako erakundeekin harremanak indartzea garrantzitsua dela, batik bat Europar Batzordearekin, Europako Parlamentuarekin eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearekin. Horrez gain, enpresa-eredu honen irudia gehiago azpimarratzea eta jendarteratzea ere defendatu zuen.

Iturria: Observatorio Español de la Economía Social