Gizarte ekonomiak Frantzian arrakesta berri zerbeit hartu du azken urte hauetan. Aintzineko gobernuak 2014ko uztailean gizarte ekonomiari buruzko lege bat pasarazi zuen, Espainian, Portugalen eta bertze europar herrialdek ireki xendra segituz. Alternatiba ekonomikoak gero eta gehiago aipu dira, eta lurralde mailan, garapena-ren orde gero eta gehiago transizioa da aipatzen, zointan nahasten diren kezka ekonomiko, sozial, eta ekologikoak. Eztabaida hortan, Ipar Euskal Herriak badauka bere hitza, bai arrazoi historikoen gatik, bai gaur berritzen ari diren lurralde dinamikeri dagokionez.
Alde batetik, gizarte ekonomiak historio luze eta emankor bat badauka iparraldean. XIX mende undarreko enpresa estatuto garaikideak (mutuelak, kooperatibak, elkarteak) agertu baino lehen hor ziren tokiko gizarteak aspaldian asmatuak zituen elkartasun erakundeak: laborari eta arrantzaleen kofradiak, ofizialen arteko batasunak, auzolana, aipatu gabe mendi eta bortuetako lur amankomunen gozatze xixtema berezia. Bainan Europa mailan bezala, XIX mende ondar eta XX mende hastapenean ziren agertu gaur gizarte ekonomia deitzen dugun erakunde sare hori. Xerbitxu ekonomikoaz gain, batasun horiek funtzio politikoak ere betetzen zituzten, ikusiz bai alderdi errepublikarrak, bai klerikalak bazituztela bakotxak beren mutuela, kooperatiba eta elkarte sareak. Gizarte ekonomia ere frango politizatu zen legeak 1905an Elizak eta Estadoa berexi zituelarik Frantzian. Jokoa oraindik konplexuago zen Iparraldean ikusiz orduko Elizak bertzalde euskera eta euskal nortasunak erabiltzen zituela Estadoarekin zaukan lehian. Tresna ekonomikoak tresna politikoak ziren : Elizak erakusten zuen gizarteak bere burua antolatzen ahal zuela Estadotik deusik ardietsi gabe. Estadoarekilako distantziaren kultura hortaz zerbeit geldituko da luzaz Iparraldeko mugimendu sozialetan.
Jauzi historiko bat egiten badugu, 1970 urteetan abiatu zen, aldi huntan abertzale mugimenduak bultzaturik, tokiak-tokiko garapenaren aldeko mugimendu soziala. Gizarte ekonomiaren bideak hartu zituen: langile kooperatiben mugimendua 1974etik aintzina (Partzuer elkartearekin), Hemen-Herrikoa 1979-1980tik aintzina, laborantxa ttipi eta iraunkorraren mugimendua ELB sindikataren sortzearekin 1980an, Arrapitz federazioarekin, eta abar luze bat. Denbora harten, ekoizpen prozesuak eta lana ziren oroz gainetik politizatzen: kooperatiba bat sortzea “lana herrian” lemaren gauzatzeko moldea zen, eta politikoki langile mugimendua eta abertzalegoa elkarri lotzeko molde bat ere. Halere, izan ziren erresistentzia frango langile mugimenduaren partetik, eta batez ere mundu sindikaletik, zoinek gizarte ekonomiaren aurkako aspaldiko kritikak berriz akuilatu zituen.
Mugimendu hori aintzina joan zen, eta 2000 urteetan gizarte ekonomiaren bigarren belaunaldi bat sortu zen, zoinek politizatzen zituen betan ekoizpena, lana, bainan baita ere kontsumoa eta elkartruke ekonomikoak orokorkiago. Ingurumenari lotutako kezkak gero eta gehiago plazaratzen ziren, bai eta zirkuito laburren ideia : bai elikadura mailan, bai ingurumen mailan, bai zirkuito finantzieroen partetik. Belaunaldi berri horren lekuko da euskal monetan, 2012an agertu zena, eta gaur egun Frantziako lehen tokiko moneta bilakatu dena.
Azken belaunaldi horren ezaugarri bat da baita ere kanpoari buruz irekitzen ari dela. irekitze horrek hiru bide hartzen ditu. Alde batetik, gizarte ekonomi enpresak sarekatuak dira mundu mailan, nazioarteko hainbat mugimendu sozialer lotuak dira, izen diten kooperatibismoari ingurumenari, laborantxa iraunkorrari edo kontsumoari lotuak. Iparraldeko esperientzak berak batzutan eredu bilakatzen dira, beha euskal moneta edo Alternatiba sarea nola hedatzen ari diren. Bigarren irekidura Hegoaldeari buruzkoa da. Ez da gaurko. 1970-1980 urteetan jada hegoaldeko mugimendu kooperatibistak Iparraldeko lehen kooperatiben sortzea hurbiletik segitu eta sustengatu zuen. Berrikitan, gizarte ekonomiaren belaunaldi berriek ere mugaz-gaindiko dimentsio bat hartu zuten, araberako tresna instituzionalak ere erabiliz : laborantxa biologikoan, euskera eta kultura mailan, komunikazio eta hedabideetan, eta abar. Hirugarren idekidura Iparraldeko auzo lurraldeekilako lotura da: Biarnesekin alde batetik, eta Landestarrekin bertzalde. Azpimarratzekoa da bereziki Iparraldeko hainbat gizarte ekonomi eragile (batez ere Lan Berri, Andere nahia, Herrikoa, baita laborantxa iraunkorraren mugimenduak) Tarnos-en kokatua dagoen Hego Akitaniako PTCE-ren (Pôle territorial de coopération économique, Kooperazio ekonomiko lurralde poloa dinamikan parte hartzen dutela, Seignanx eta Paueko hainbat egiturekin batera. Egitasmo horren sustatzailek daukate gizarte ekonomia ez dela enpresa edo egitura batzuen gehiketa xoila, baizik eta lurralde garapen funtsezko eredu bat.
Hiru idekidura horietarik dario gaur Iparraldeko gizarte ekonomiaren arrasustatzea. Ikusiko kar berri hori ze fruitu emanen duen den azkar aldatzen ari den ingurumen sozio-ekonomiko eta politiko-instituzional batean.
Xabier Itçaina
(CNRS, Centre Emile Durkheim, Sciences po Bordeaux)