Urtarrilaren 25ean egin zen Donostian, GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak antolaturik. Peñascal Kooperatibak, REAS Euskadi Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak eta HEGOA institutuak hartu zuten parte.
UPV/EHUko Gipuzkoako Kanpusean izan zen eta Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala egiten ari diren ikasleak gerturatu ziren, gehienbat. UPV/EHUko irakasle eta HEGOAko ikerlari Juan Carlos Pérez de Mendiguren izan zen saioari hasiera eman ziona.
Hasteko, erakundeek gizarte eraginaren neurketa bogan dagoen gaia dela gogorarazi zuen (ez soilik gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakundeen artean), baita eztabaida gunea ere dela. Hiru ikuskaritza/balantze tresna ezberdin aurkeztu zituen laburki, SROI (Social Return On Investment), REASen Gizarte Ikuskaritza eta Ingalaterran oso zabaldua dagoen IRIS, zeina pasatzea beharrezkoa den enpresa sozialen partetik, gobernuaren diru laguntza jakin batzuk eskuratzeko.
Jarraian, tresna ezberdinak aztertzeko orduan kontuan izan beharreko gai batzuk daudela adierazi zuen. Hasteko, norentzat neurtzen den jakitea garrantzitsua da, adibidez IRISen kasuan Gobernua da hartzailea, REASen Gizarte Ikuskaritza sareko erakundeentzat den bitartean. Aurrekoarekin lotuta, zertarako neurtzen den ere kontuan hartu beharko da. Nork egiten duen ikuskaritzak ere badu bere garrantzia, izan bai daiteke kanpoko pertsona/erakunde batek egitea (zigiluak emateko adibidez), edo baliteke entitatearen barneko pertsona batek egitea auto-ebaluaketa ariketa batean. Azkenik, stakeholders-en afera dago, hau da, ea erakundearen interes taldeei ere galdetzen zaien gizarte eragina neurtzerako orduan.
Bukatzeko, Juan Carlosek balantze/ikuskaritzen funtzioaren inguruko eztabaida mahai gaineratu zuen, eta defendatu zuen tresna hauek erakundeen antolaketa hobetzeko balio behar dutela, neurtze soilaz haratago.
Ondoren, REAS Euskadiko Amaia Navedak sareak darabilen tresna azaldu zuen, Gizarte Ikuskaritza, auto-ebaluatzailea eta metagarria. Tresna honekin REASeko erakunde bakoitzak ekonomia solidarioko kartan zehazten diren printzipioak zein gradutan betetzen dituen neur dezake, eta sektore edo lurraldekako emaitzak batuz, sarearen errealitatearen inguruko ikuspegi orokorra lor daiteke, ekonomia solidarioko erakundeen jarduna eta izaera gainontzeko enpresa kapitalistengandik bereiztuz.
Tresnaren potentzialtasun bat, Amaiak azaldu zuen bezala, ikuskaritza egiteko jasotzen diren indize eta galderek erakundeen antolaketa eta praktikak hobetu eta eraldatzeko baliagarriak izatea da. Gainera tresna etengabe eguneratu eta errepasatzen dela gogorarazi zuen, zeinak berau hobetzeko balio duen (azkeneko bertsioan ikuspegi feminista duten galdera eta adierazleen barneraketa jarri zuen adibide moduan).
Azkenik, Peñascal Kooperatibako Iñigo Garitaonandiak hartu zuen hitza, REAS Euskadiko Gizarte Ikuskaritzak erakunde batentzat dituen zailtasun eta aukerak azaltzeko. Zailtasunen artean, zenbait adierazle biltzeko konplexutasuna aipatu zuen, batez ere jarduera anitzeko lantegi ezberdinak dituen erakunde baten kasurako. Aukeren eta potentzialtasunen artean, ekonomia solidarioko printzipioetan sakontzeko ematen duen aukera goraipatu zuen, tresna dinamikoa izanik, baina baita erakundeko langileek entitatearekiko duten iritzi eta ikuspegiaren argazki bat izateko ere.
Jardunaldia bertaraturikoen ekarpenekin amaitu zen.
Iturria: GEEB