Humanity At Music ikuskizuna

30 iraila, 2019 | Kategoriarik gabe

Buesa Arena hunkitu egin zen pasa den irailaren 14an Humanity At Music ikuskizunarekin. 11.400 ikusletik gora bertaratu ziren.

Gasteizeko Buesa Arena galaz jantzi zen Humanity At Music hartzeko, eta ikuskizuna itzela izan zen: 60 urtetik gorako esperientzia kooperatiboari musika, ahotsa, dantza eta batez ere emozioa jarri zion kultura eta kooperatiba lurrikara.

Goiz erditik hasi zen giroa pizten Buesa Arenaren inguruan, Alaia Gunean; bertan izan ziren tailerrak, ekintzak eta erakusketak. Eta hantxe eskaini zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Musua’ ikuskizuna batutako ume ugariren gozamenerako..

Ikuskizun erraldoia 18:00etan hasi zen. Ikuskizunaren oinarria Fernando Velazquez-ek idatzitako soinu banda izan zen. Jon Sarasuak idatzitako hitzei sinfonia hunkigarria gehitu zion Velazquezek. Hori guztia uneoro Jon Maya zuzendariak gidatutako Kukai Dantza Taldearen koreografiak lagunduta.

Txistulari dozena batek apurtu zuen isiltasuna galaren hasieran. Eta Pili Kaltzadak ikuskizuna aurkeztu ostean, musika hasi zen ‘Obertura’-rekin; horri jarraitu zioten hainbat piezek eta ‘Etorkizuna’-rekin borobildu zuten.

Mila artista, tartean Kukai Dantza Taldea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Euskal Herriko abesbatza askotariko ahotsek Gasteizeko Buesa Arena hankaz gora jarri zuten Humanity At Music ikuskizunean.

Iturria: Tu Lankide