‘Hernani Burujabe’ aurkeztu dute, tokiko moneta, energia, zaintza eta ekonomia bultzatzeko egitasmoa

15 azaroa, 2021 | Kategoriarik gabe

“Berreskuratu dezagun gure baliabideen kontrola!”. Esaldi horrekin aldarrikatu eta laburbildu zuten Hernani Burujabe-ren oinarria. Urriaren 1ean aurkeztu zuten egitasmoa Hernanin, ekonomia desmerkantilizatu baterantz eta demokrazia sakonagorantz egiteko helburuz.

Hernaniarrek hain maitea duten Mendirik-mendi aireak hartu zuen Atsegindegi plaza, saxofoi parearen doinuek lagunduta. Aurkeztuko zutena garrantzitsua bezain sakona zenaren seinale. Hernani Burujabe deitu diote ekimenari, baina finantzan, energian edo beste arlo batzuetan burujabeago izatetik harago doa kontua. Naturaren ustiaketa larriaren eta jendarteko desoreka gero eta handiagoen aurrean, herritarren beharrei maila lokaletik “herri gisa” erantzuteko abiatu da, sustatzaileen esanetan.

Hernaniko Udala egitasmoaren parte da, baina Xabier Lertxundi alkateak aurkezpenean argitu zuenez, oinarri zabalagoa du: “Hau ez da udal proiektua soilik, gu hor egongo gara noski dagokigun ardurarekin, baina hau herri proiektu bat da”. Herriko merkatariak, ekoizleak eta ekonomia eraldatzailean dabiltzan eragileak daude buru-belarri sartuta. Ekitaldian, horietako bakoitzaren lekukotasuna entzun ahal izan zuten Atsegindegira bertaraturiko dozenaka herritarrek, zertzelada gisara.

Iturria: Argia