Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak ere ez dira edonolakoak, ekonomiaren balio demokratikoetatik abiatuta eta pertsonak erdigunean jarrita, lurraldean erroturiko proiektuak bultzatzea, besteak beste.
Krisi sakon batek gogor kolpatuta, Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala guztiz desberdina zen 2014an, sei urte atzeragoko garaiekin konparatuz gero. Langabeziaren gorakada itzela, enpresen itxiera etengabea, etxe kaleratzeak… Herritarrek euren haragitan bizi zituzten murrizketak eta bankuen “erreskateak” ekarritako ondorioak. Hemerotekari begirada bat ematea nahikoa da egoeraz jabetzeko.
Ordura arteko errelatoak agintzen zuen ikasi ondoren lana aurkitu behar zela, baina “igogailu sozialaren” ideiak kiebra jo zuen. Abagune horretan, hainbat jendek erabaki zuen bere esperientzia laboraletik eta gaitasunetik abiatuta autoantolaketari ekitea, lan merkatuak jadanik ez zituelako asetzen. Denbora gutxian kooperatiba sorreren tasa hirukoiztu egin zen Euskal Herrian, hala gogoratzen du Talaios kooperatibako kide Beñat Irasuegik: “Gaur egun ere tasa hori mantentzen da, eta seguruenik krisiak hor jarraitzen duen seinale da hori”. Bere ustez, lanaren prekarizatzea da sintoma nabarmenena, “jende bati pizten dio autoeraketarako gogoa, nahiz eta kontrako efektua ere badagoen, segurtasun laboralaren bila administraziora jotzen dutenena adibidez”.
Hamarkada honetan sareak egindako ibilbidea ez da beti aurrez pentsaturiko estrategia baten emaitza izan. Intuizioak eta barruko logikek ere markatu dute norabidea
2014an hainbat sektoreren pribatizazioa ere gertatu zen, telekomunikazioaren arloan, energiaren sektorean, finantzetan… Eta aldiz, beste izaera bateko proiektuak jarri ziren martxan. Hor kokatu behar dira Goiener, Koop57 edo Fiare. Osagai horiek guztiek hauspotu zuten ekonomia eraldatzailearen eta olatu kooperatibo berriaren txinparta.
“Guk kooperatibismoaz ez genekien ezer, baina oinarrizko ideia bat genuen: lan egin nahi genuen batez ere gurea bezalakoak ziren beste kooperatibekin”, gogoratzen du Irasuegik. Horrez gain, une haietan Kataluniako Coop57ren inguruko jende bat ere elkartzen hasita zegoen, esperientzia hura Euskal Herrira ekartzeko asmoz, baina masa kritikoa behar zen horretarako. Kinka horretan erabaki zuten interneten deialdi ireki bat egitea sare bat sortzeko helburuarekin. Horrela sortu zen Olatukoop, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sarea, 2014ko maiatzaren 14an.
Hasieran zortzi-hamar enpresa zirena, gaur egun Euskal Herri osoko 60 enpresa edo erakunde baino gehiagoko sare zabal bat da, bazkide, kide eta lurralde-sareen artean. Hamaika proiektu eta egitasmotan parte hartzen du eta ekonomia eraldatzailearen bueltan lanean diharduten lurralde nodoak ere gero eta gehiago dira. Olatukoop ezinbesteko erreferentzia bilakatu da, bai merkatuaren kanibalismotik harago, bai Mondragonen ereduari jarraitzen dion kooperatibagintzatik harago, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidez bestelako alternatiba bat eraiki nahi duten eragile eta erakunde askorentzat.
“Eraldatzaile” hitza da hemen gakoa. Katalunian ekonomia “solidarioak” duen esanahia Euskal Herrian ez dela berdin ulertzen jakinda –sarritan GKEn asistentzialismoari lotuta egon baita–, beste kontzeptu politiko bat proposatu zuen ekonomiaren bueltan “konspiratzen” ari zen taldetxo batek: Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE).
Funtsean, lana eta bizitza uztartzean datza ekonomia mota hori, baina indarrean dagoen sistema ekonomikoa eta gizartea eraldatzeko helburuarekin: “Behetik gorako izaera ere islatu nahi du, herrigintzatik datorrena eta puntu militante bat duena”, dio Lakari kooperatibako Leire Udabek. Bere esanetan, ekonomia eraldatzaileak duen “plusa” da lanari bestelako zentzu bat eman eta bizi-proiektu bezala ulertzen duela, ikuspegi produktibistatik harago. Irasuegik ere lana “birkokatzearen” garrantzia azpimarratu du, momentu batean alde batera uzten ari zelako.
Urteurrena behar bezala ospatzeko asmoa dute, maiatzaren 18an Donostian antolaturiko festa batekin. Baina aurretik, maiatzaren 14an, ekitaldi politikoa egin zuten Iruñean. Aurrera begirako erronkak azaltzeaz gain, berriki eguneraturiko Oinarri Irekiak aurkeztu zituzten. Karta horretan, hitz egiten da bizitzaren bizigarritasunaz eta ekonomia eraldatzaileaz, baita ekonomia kooperatiboaz ere, eta (trans)feministaz, euskaldunaz, antiarrazistaz… Hitz egiten da lanaren burujabetzaz, erabakitzeko prozesuen kontrol kolektiboaz, interkooperazioaz, lurralde eraldaketaz eta ondare komunaz… Eta iraunkortasun ekologikoaz ere, noski, hitz egiten da.
Iturria: Argia