Gobernu Kontseiluak desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin lotuta dauden programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituen dekretua onetsi du. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zehazten duenez, “haren helburua da desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin zerikusia duten eta Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bidez emango dituen laguntza- eta zerbitzu-programak arautzea, eta lan-jarduera egonkorrerako eta kalitatekorako laguntza eta sarbidea sustatzea, bai eta enpleguan mantendu daitezen ere”.
Dekretua 2020ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. 2020rako aurrekontuen proiektuan desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntza-programak finantzatzeko zuzkidura globala 57.300.000 eurokoa da.
Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, “Euskadin, Enplegu-zentro berezien bidez egiten den lan babestuaren formula funtsezkoa da desgaitasuna duten pertsonen lan-integraziorako; izan ere, bide ematen da kontratatutako desgaituek gizarte-eta lan-ohiturak eskuratzeko. Horretarako, okupazioa ematen zaie, beren enplegagarritasuna hobetzen da eta ekoizpen-sisteman sartzeko bide ematen zaie.
Dekretuak, II. kapituluan, Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bidez ematen dituen laguntzen esparru orokorra arautzen du; III. kapituluan, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekimenen esparrua ezartzen du, eta, IV. kapituluan, Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu eta arautzen du, eta haiek kalifikatzeko eta inskribatzeko prozedura ezartzen du.
Dekretuan araututako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lan-zentroei lotutako eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren jarduketetan aplikatuko dira. Enplegu-zentro berezientzako laguntzen kasuan, haiek enplegu-zentro berezien euskal erregistroan inskribatu beharko dira. Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroaren arauketa gizarte- eta zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutenei aplikatuko zaie.
Dekretuak desgaitasuna duten pertsonatzat jotzen ditu honako hauek: % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta dutenak; haietatik, laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak, garuneko paralisia dutenak, gaixotasun mentala dutenak edo adimen-desgaitasuna duten pertsonak, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta izanik, eta desgaitasun fisikoa edo sentsoriala izanik % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortuta dutenak.
Enplegagarritasuna
“Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, desgaitasuna duten pertsonen lanbide-profilera eta haien behar berezietara erabat egokitutako eta antolatutako neurri eta politikak konbinatzen dituzten enplegu-ibilbide indibidualizatu eta pertsonalizatuen diseinua ziurtatuko du. Era berean, prestakuntza-eskaintzan desgaitasuna duten pertsonen gaitasunak hobetzeko ekintza egokituak jaso ahalko ditu”, esan du Artolazabalek.
Beatriz Artolazabalek bi dirulaguntza lerroren bidez lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko laguntzak aipatu ditu: kontratazioa eta lanpostuak egokitzea eta oztopoak ezabatzea.
Laguntzen enpresa onuradunek egin ahalko dituzte langileen kontratazioak edo hartu lanpostuak egokitzeko eta oztopoak ezabatzeko neurriak. Langile autonomoak, beren plantillako langileen inguruko laguntzez gainera, laguntzen onuradun ere izan ahalko dira. Lanbidek, urtero, laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa ezarriko du.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketak
Artolazabalek honako hau zehaztu du: “diruz lagundu ahalko dira kontratazio mugagabea, bai eta bazkide langileak edo lan-bazkideak kooperatibetan edo lan-sozietateetan sartzea, langabezian dauden eta desgaitasuna duten pertsonak sartzea, alegia, Gizarte Segurantzaren erregimen batean ere alta emanda ez daudenak eta enplegu-zerbitzu publikoetan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenak. Era berean, diruz lagundu ahalko da enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak eta prestakuntza-kontratuak mugagabe bilakatzea”.
Langabe izateko baldintza ez da beharrezkoa izango aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzeko kasuan. Modu berean, baldintza hori ez da jasoko Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezi batetik enpresa onuradunaren zuzeneko kontrataziorako trantsizioaren kasuan, lan-enklabeen kasuan enpresa laguntzailean sartzea barne. Kasu horietan, enpresak eginiko kontratazioak etenik gabea izan beharko du.
Enpresa laguntzaileak lan-enklabeko pertsona bat kontratatzen duen kasuetarako, kontratatutako pertsonak desgaitasuna badu, kontratua etenik gabea egin beharko du eta, gutxienez, enklabea hasi edo langilea hasi eta hiru hileko epea igaro ondoren, baldin eta, azken kasu horretan, langilea enklabearen ondoren hasten bada.
Kontratazioak lanaldi osoan edo lanaldi partzialean egin ahalko dira. Azken kasu horretan, lanaldia, gutxienez, lanaldi osoaren % 50 izan beharko du edo, gutxienez, % 35 laneratzeko zailtasun bereziak dituzten eta desgaitasuna duten pertsonen kontratazioaren kasuan.
Ezingo dira diruz lagundu enpresaburu indibidualaren bizilagunaren, bere arbasoen, ondorengoen edo bigarren mailara arteko odol bidezko, ezkontza bidezko edo adopzio bidezko zehar-ahaideen kontratazioak. Ez eta izaera pertsonalistako sozietate-forma duten enpresetako edozein bazkideren ahaideenak ere, edo edozein motatako sozietate, elkarte edo korporazio gisa eratutakoetako gobernu- eta zuzendaritza-organoetako bazkide edo kideen ahaideenak ere ez. Ez eta bazkideen kontratazioa ere, sozietate kooperatiboetan eta lan-sozietateetan izan ezik. Ezingo dira diruz lagundu enpresa eskatzailean edo enpresa-talde bereko beste batean kontratu mugagabe batez kontratazioaren egunaren aurreko 24 hilabetean zerbitzuak eman dituzten langileekin eginiko kontratazioak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa
Lanaldi osorako aurreikusitako kontratazioen dirulaguntza 4.000 eurokoa da. Enpresa laguntzaileak lan-enklabeko pertsona bat kontratatzen badu, kontratatutako pertsonak laneratzeko zailtasun bereziak dituen eta desgaitasuna duen pertsona bat denean, dirulaguntza 8.000 eurokoa izango da.
Lan-kontratua denbora partzialean hitzartzen denean, aurreko ataletan aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hitzartutako lanaldiaren proportzioan. Kontratatzen dena emakumea bada, dirulaguntzaren zenbatekoa % 10 areagotuko da. Dirulaguntzak ezingo du gainditu eginiko kontratuaren urteko soldata-kostuaren % 75; halakotzat joko da ordainsari gordinaren eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren batura. Kontratazioagatiko laguntzen enpresa onuradunek egonkortasunari eutsi beharko diote kontratatutako pertsonen enpleguan.
Lanpostuak egokitzeko eta oztopoak ezabatzeko, dirulaguntza jaso ahalko dute desgaitasuna duten pertsonek enplegu-eremuan beste pertsona batzuen aldean bizi dituzten desabantailak gainditzeko jarduketa indibidualek, bai irisgarritasuna bermatzeko jarduketek, bai lanpostuan, lan-ingurunean edo ekoizpen-prozesuan arrazoizko egokitzapenak egiteko jarduketek. Egokitzapen indibidualeko neurriak ezartzeko dirulaguntzak 1.000 eurokoak izango dira egokitzapenaren helburu izan den desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko.
Laguntza bidezko enplegu-jarduketentzako laguntzak laneratzeko zailtasun bereziak dituzten eta desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean integratzera bideratuta daude; kolektibo horretan, programa honen ondorioetarako, pertsona gorrak edo % 33ko edo gehiagoko entzumen-desgaitasuna duten pertsonak sartzen dira, baldin eta Lanbiden okupatu gabeko enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta badaude, bai eta enplegu-zentro bereziek kontratatutakoak ere, laguntza bidezko enplegu-unitate izenekoak eratzen dituzten erakunde onuradunetako langile espezializatuak eginikoak.
Laguntza bidezko enplegu-jarduketak garatzeko dirulaguntzen erakunde onuradunak honako hauek izan daitezke: irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta bestelako erakundeak eta enplegu-zentro bereziak, hala inskribatuta daudenak enplegu-zentro berezien euskal erregistroan. Dirulaguntzaren helburua da erakunde onuradunen laguntza bidezko enplegu-unitatea eratzen duten profesionalen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzea, bai eta laguntza bidezko enplegu-jarduerari lotutako administrazioko, koordinazioko eta joan-etorrietako gastu orokorrak ere.
Laguntza bidezko enplegurako dirulaguntzaren zenbatekoa laguntza bidezko enpleguaren ekintzen langile hartzaile-kopuruaren arabera ezartzen da; langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lan-zentroetakoak izan beharko dute. Honako baldintza hauek izango dira: 7.800 euro adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duen eta % 33ko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten laneratze bakoitzeko, gutxienez urtebeteko kontratuarekin; 6.600 euro adimen-desgaitasuna, gaixotasun mentala edo garuneko paralisia duen eta % 33ko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten laneratze bakoitzeko, gutxienez 6 hileko kontratuarekin; 4.700 euro desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duen eta % 65eko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten edo pertsona gor baten edo entzumen-desgaitasuna duen eta % 33ko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten laneratze bakoitzeko, gutxienez urtebeteko kontratuarekin; 4.000 euro desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duen eta % 65eko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten edo pertsona gor baten edo entzumen-desgaitasuna duen eta % 33ko edo gehiagoko maila aitortua duen pertsona baten laneratze bakoitzeko, gutxienez 6 hileko kontratuarekin. Eta laneratutako eta kontratatutako desgaitasuna duen pertsona hori emakumea bada, aurreko paragrafoetan aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoak areagotu egingo dira, % 10.
Enplegurako laguntzak zentro berezietan
Dekretuak enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lan-integraziorako laguntzak arautzen ditu, lanpostuei eutsiz, enplegu egonkorra sortzeko inbertsioaren bidez, aurrekontu-orekaren eta enplegu-zentro berezien bideragarritasunaren bidez eta lanbide-jarduerarako laguntza-unitateen bidez; azken horien onuradunak enplegu-zentro berezien euskal erregistroan hala kalifikatuta eta inskribatuta dauden enplegu-zentro bereziak izan daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lan-zentroei lotuta diruz lagundu daitezkeen jarduketei dagokienez.
Laguntza horiek desgaitasuna duten pertsonen lanpostuei eustera bideratzen dira, bai eta desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora ere. Dirulaguntzaren zenbatekoa inbertsioak eragindako kontratazio mugagabe bakoitzaren arabera ezartzen da, enplegu-zentro bereziaren plantillan dauden langile desgaituen ehunekoaren arabera, honako muga hauekin: 12.000 euro desgaitasuna duten langileen kopurua zentroko plantillaren % 90etik gorakoa bada. 9.000 euro desgaitasuna duten langileen kopurua enplegu-zentro bereziko plantillaren % 70 eta 90 bitartekoa bada. Kontratatzen dena emakumea bada, aurreko paragrafoetan aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa % 10 areagotuko da. Dirulaguntzaren zenbatekoak inolaz ere ezingo du gainditu diruz lagundu daitekeen gastu totalaren % 70.
Enplegu-zentro berezien aurrekontu-orekarako eta bideragarritasunerako laguntzen helburua da gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezien aurrekontu-desorekak gainditzen laguntzea, haien bideragarritasunari eta desgaitasuna duten pertsonen lanpostuei eusten laguntzeko. Laguntzaren zenbatekoa aurreko ekitaldiko aurrekontu-saldo negatiboaren % 50en baliokidea izango da, eta muga 60.000 eurokoa.
Lanbide-jarduerarako laguntza-unitateen laguntzen helburua da enplegu-zentro berezietan laneratzeko zailtasun bereziak dituzten eta desgaitasuna duten pertsonei dagokienez aldi baterako edo denbora mugagabez kontratatutako lanbide-jarduerarako laguntza-unitateetako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak finantzatzea. Lanbide-jarduerarako laguntza-unitateak dira desgaitasuna duten langileek lanpostu batean sartzeko prozesuan dituzten oztopoak edo zailtasunak gainditzen eta haietan geratzen eta bilakatzen laguntzeko enplegu-zentro berezietako egokitzapen pertsonaleko eta sozialeko zerbitzuen barruan dauden lanbide anitzeko taldeak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa enplegu-zentro berezian kontratatutako laneratzeko zailtasun bereziak dituen eta desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko urteko kopuru finko batean ezartzen da, kontratu-motaren arabera, haren iraupena aintzat hartuta, bai eta lanaldia ere: Lanaldi osoko kontratu mugagabea: 1.200 euro. Eta sei hileko edo gehiagoko aldi baterako kontratua, lanaldi osoan: 600 euro.
Halaber, finantzaketa jaso dezakete honako arlo hauen inguruko jarduketek ere: lanbide-orientazioko zerbitzuak; enplegua emateko eta enpresei aholku emateko zerbitzuak; enplegurako prestakuntza- eta kualifikazio-zerbitzuak, eta autoenplegurako eta ekintzailetzarako aholku-zerbitzuak. Erakunde onuradunak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lantokietan finantzaketa lor dezaketen jarduketak egingo dituzten enplegu-zentro bereziak, betiere kalifikazio hori dutenak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan inskribatuta daudenak.
Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa
Gaur Gobernu Kontseiluak onetsitako dekretuak Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortzen du, bakarra Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Lanbideri atxikia. Enplegu-zentro berezi gisa kalifikatu ahalko dira pertsona fisikoek edo juridikoek eratutako erakundeak, publikoak edo pribatuak, gaitasun juridikoa eta enpresaburu izateko jarduteko gaitasuna dutenak.
Enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa lortu nahi duten enpresek edo erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte: titularraren nortasuna; helburu soziala; bideragarritasun teknikoa eta finantzarioa; plantillaren tamaina eta banaketa; plantilla horrela eratzeko konpromisoa hartzea, desgaitasuna duten pertsonei emango zaizkien egokitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuak zehaztea eta Euskadi barruan izatea bizilekua.
Erakunde sortu berriei dagokienez, aldez aurretik jarduera hasi ez badute, enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa atzeratu egingo da, eta horretarako, ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo sei hilabeteen barruan horren azalpen zehatza eman beharko da. Enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa egitean, hala badagokio, berariaz aipa daiteke gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezia dela.
Gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziaren kalifikazioa lortu eta halakotzat erregistratu ahalko dira irabazi-asmorik gabeko erakunde batek sustatzen dituela edo % 50etik gora irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidez partaidetuak direla egiaztatzen dutenak. Era berean, enplegu-zentro bereziaren onurak enplegu-zentro berezian bertan edo gizarte-ekimeneko beste enplegu-zentro berezi batzuetan berrinbertitzen direla egiaztatu beharko dute, hala jaso baita berariaz haien estatutuetan edo hura baita gizarte-ekimenekotzat kalifikatu eta erregistratu nahi den enplegu-zentro bereziaren forma juridikoaren ezaugarri intrintsekoa.
Enplegu-Zentro berezien euskal erregistroak enplegu-zentro berezietan inskribatzeko liburua izango du. Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko edota haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera dagokion erregistroan inskribatuta zeuden enplegu-zentro bereziak euskal erregistro berrian sartuko dira.
Iturria: Irekia