Caritasera joaten diren gehienak, lana bilatzeko eta lanaren bidez gizarte-bazterketa alde batera uzteko asmoz, emakumeak dira 36 eta 45 urte bitartekoak eta oinarrizko ikasketekin. Euskadin, beste erkidegotan ez bezala, etorkinek bertakoek baino gehiago parte hartzen dute Caritasek eskaintzen dituen formakuntzan eta lan-jardueretan.
Jorge Torralbok, Caritaseko Lan Arloko arduradunak, dioenez, “etorkinak dira krisiak gehien zigortu duen kolektiboa”. Bere iritziz, Estatuko beste leku batzuekin alderatuta, Caritasera lana eskatzera doazenen artean, bertakoen ehunekoa baxuagoa da hemen; horretan diru-sarrerak bermatzeko errentak (DSBE) lagundu du.
Euskadin, egoera ahulean daudenei zuzendutako enplegu zerbitzuen beste ezaugarri bat da urteak daramatzatela gizarte-ekonomiako enpresen aldeko apustua egiten. “Gizarte-ekonomiako enpresen bidez, lanpostuak sortzea duela gutxiko gauza da Espainiako Caritasen; Euskadin, berriz, aspaldi egiten den zerbait da. Mugimendu kooperatiboak duen tradizioagatik, eta badakigulako zenbaitentzat lan-merkatu arruntak ez duela balio eta espazio propioak sortu behar zirela; hau da, gizarte-ekonomiako espazioak. Jorge Torralbok aipatu du, azken urtean, Euskadiko Caritasen parte hartzen duten gizarte-ekonomiako enpresen artean, ez dela lanposturik galdu.
Iturria: Noticias de Gipuzkoa