Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterreko hasiera ekitaldia

28 urria, 2016 | Kategoriarik gabe

Pasa den urriaren 3an Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterreko 4. edizioari hasiera eman zitzaion ASLE-ko Josetxo Hernandezen ikasgaiarekin. Ikasle eta irakasleez gain, unibertsitateko, Gizarte Ekonomiako erakunde eta Administrazio Publikoko kargu ezberdinak bertaratu ziren.

Hasierako agurra eta Masterraren aurkezpena Mikel Zurbanok egin zuen (Masterreko zuzendari eta Gezkiko kidea), eta ondoren Jose Maria Berazak (Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko zuzendaria) eta Ana Arrietak (Gipuzkoako Kampuseko Errektore-ordea) ongi etorri hitz batzuk izan zituzten. Jarraian Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Laneko Sailburuordeak, José Andrés Blascok, Gizarte Ekonomiak euskal errealitatean duen garrantziari buruzko hausnarketa egin zuen eta honek botere publikoengan duen garrantzia eta arreta nabarmendu zituen. Berarekin batera, gainera, Alfredo Ispizua, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren zuzendaria bertaratu zen.

Ondoren, (Gezkiko kide Aitor Bengoetxeak hitza emanik,) ASLE-ko Josetxo Hernandezen txanda izan zen, zeinek “La empresa del siglo XXI es la empresa participada” izenburuko hitzaldian kapital enpresetan langileen parte hartzearen gakoak eta zailtasunak modu argi eta interesgarrian azaldu zituen, besteak beste. Amaitzeko, galdera erantzunentzat tarte bat egon zen, non bertaratukoak solasaldian aritu ziren.

Iturria: GEEB