Fiare Banku Etikoak bulegoa ireki du Bilbon

17 apirila, 2015 | Kategoriarik gabe

Fiare Baku Etikoak bulegoa ireki berri du Bilboko Alde Zaharrean, zerbitzu-eskaintza handitu asmoz. Espazio hori ardura handiz apaindua dago, material ekologikoak erabiliz; eta hortaz, ohiko sukurtsalen oso ezberdina da, baina berezko zerbitzu gehientsuenak eskaintzen ditu. Esku-dirutako eragiketak ezin izango dira bertan egin, baina bi hilabete barru kreditu txartelak jasoko dituzte bezeroek, Servired sareko kutxazainak erabili ahal izateko. Txartel horiek ere material biodegradagarriekin eginak dira.

Bulegoan hamabi langile daude, eta zabalik egongo da goizez, 9:30etik 13:00etara, eta arratsaldez. Beharrezkoa da aurretik hitzordua eskatzea. Langile horietako batzuk Bartzelonan eta Madrilen dihardute, proiektuak Estatuko beste zona batzuetan dituen bazkideei arreta emateko. Katalunian eta Euskal Herrian daude bezero gehienak.

Bilboko bulegoa proiektuaren irudi eta erreferentziazko gune izatea nahi dute. Horrez gain, ohiko bankuetatik desberdindu nahi dute, baina berezko zerbitzuak internet bidez egin daitezke pasa den urritik: ordainketak, nominak kobratzea, gordailuak egitea, karguak desbideratzea… Euren helburua bezeroei gero eta aukera zabalagoa eskaintzea da; izan ere, familiek eragiketa guztiak entitate bakar batekin egiteko joera dute, eta oraindik Fiarek ezin die hori eskaini. Zentzu horretan, bai banakoek nahiz enpresek eta entitateek Fiare "bigarren banku" bezala erabiltzen has daitezen nahi dute, zerbitzu guztiak bertan jasotzeko aukera izan bitartean. Hortaz, momentura arte, aurreztaileak dira bezero gehienak.

Erronka gisa dute, halaber, pertsonek bankuekiko duten mesfidantza gainditzea, banku-produktu jakin batzuekin gertatutakoaren ostean. Horregatik, Fiare Banku Etikoak gainerako entitateen segurtasun-berme guztiak bete behar dituela jakinarazi nahi dute. Gainera, euren jarduera zuzentzen duten printzipioek desberdindu egiten diete, finantza etikoak gauzatzen baitituzte, eta aurrezki-gordailuak gizarte-ekimenera zuzendu: gizarte-bazterketari aurre egiteko proiektuak, garapenerako kooperazioa edo agroekologia, besteak beste.

Eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzu nagusiak honakoak dira: banakoei eta erakundeei zuzendutako kontu korronteak, kobrantzen eta gastuen kudeaketa, ordainketak; eta epe ezberdinetan aurrezteko produktuak, "proposatutako mugimendu sozialei interesen ekarpena egin edo ez hautatzeko aukera eskainiz bezeroari", aipatu dutenez. Bestalde, erakundeen eta produktu sozialen finantzaketa ere egiten dute, eta gardentasuna dute kooperazio proiektu honen ardatz. Hori bermatzeko, Balantze Integratua lantzen dute, gizarte eta ingurumen arloko emaitzak kontuan hartuz.

Iturria: REAS