Ez dago modu abstraktuko aditzik: irabazi-asmorik gabeko zaintza-sistema publiko-komunitario baten alde

13 martxoa, 2024 | Kategoriarik gabe

Belén Gopegik dioenez, ez dago modu abstraktuko aditzik, ezta denbora, leku eta zirkunstantzia ekonomiko, politiko eta ekologiko jakin batzuetatik bereizitako zaintzarik ere. Bizi dugun zaintza-sistemaren krisia ez da berria, aspaldikoa da. Hala ere, erreprodukzio sozialaren krisi bat bilakatzen ari da gaur egun, kolapso ekologikoaren testuinguru batean, eta, ondorioz, lanaren banaketa sozial eta sexuala sakontzen ari da.

Horrez gain, zaintza-sektorearen pribatizazio- eta merkantilizazio-prozesuak ere areagotzen ari dira. Enpresa handiek bideratzen dute arlo horretako politika publikoa, eta pribatizazio bikoitza gertatzen da: alde batetik, etxeetan, betiere emakumeen ardurapean, eta, bestetik, enpresen kudeaketan, haien helburu bakarra etekinak lortzea baita, ez pertsonen zaintza-beharrari, guztion ongizateari eta bizitzaren jasangarritasunari erantzutea.

Guk zaintza-sistema publiko-komunitario bat babesten dugu, tokian tokikoa eta lau zutabe nagusi izango dituena: autonomia eta bizitza independentea sustatzea, haur-hezkuntza integrala, zaintzen zati bat profesionalizatzea eta behatoki bat eratzea, begirada zabaltzeko eta jarraipena egiteko aukera emango diguna, gainerako politika publikoak zaintzaren ikuspegitik diseina daitezen.

Hala ere, komunitarioaren kontzeptua eztabaidagarria da, esparru sozial eta politiko askotan erabiltzen baita oso adiera eta irismen desberdinekin. Batetik, familiarizazioa eta feminizazioa bultzatzen dituzte etxea zaintzarako lehentasunezko espaziotzat hartzen duten batzuek. Izan ere, etxean inon baino zaintza hobea izango dugula esaten digutenean, alde batera uzten dituzte botere-harremanak eta desparekotasuna, zaintzaren feminizazioa eta eredu horretan emakume etorkinek nahiz zaintzaren alorreko kate globalek betetzen duten eginkizuna. Bestetik, boluntarismo gogotsua ere aldarrikatu ohi da zaintza komunitarioaz hitz egiten denean, erakundeak iristen ez diren lekuetan auzokide eta beste agente batzuen esku geratzen baita zaintza.

Guk bat egin nahi dugu Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenarekin, eta zaintza-sistema publiko, integral, irisgarri eta unibertsala eskatzen dugu, zaintza-eskubide kolektiboa eta guztiontzako azpiegitura publiko eta kalitatekoak ahalbidetuko dituena. Sistema horrek zaintzan diharduten emakumeen lan-baldintzak eta bizimodua hobetu beharko lituzke, eta zaintza-beharren arreta etxeko/banakako esparrutik esparru publiko/kolektibora eraman. Hau da, kontzertazio publiko-pribatuaren logikaren ordez, logika publiko-sozial-komunitarioa ezarri.

Iturria: REAS Euskadi