Euskal Herriko kooperatibismoari arrakalak egin eta feminismotik birpentsatzea xede

28 urria, 2022 | Kategoriarik gabe

Farapi kooperatibak joan den ostegunean Lazkaon antolatu zuen “Kooperatibismo Feminista Topaketa”. Nondik abiatutakoa, nola, zein baliotan eraikia, horiek izan ziren galdera nagusiak. Eta horretarako erronka handi bat: «merkatu feminista bat sortzea».

Joan den urriaren 20an Kooperatibista Feministaren inguruko lehen topaketak egin zituzten Lazkaon Farapi Kooperatibak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kooperatiba, eragile eta elkarte ezberdinetako 50 bat kide elkartu ziren Biziolan, Goierriko ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko ireki berri den espazioan. Kooperatibismo feminista definitzen ahalegindu ziren, Araitz Rodriguez Farapiko kidearen ustez, «oraindik arakatzeke» dagoen eremua baita. Erronken eta potentzialitatearen inguruan ere hausnartu zuten: «Merkatu feminista bat sortzea».

Ekonomia sozial eraldatzailetik sortzen ari diren diskurtsoetan, kooperatibismo feminista ahoz aho ibili da azken aldian, «olatu» bat dagoela ere plazaratu izan da, Farapiko kideen arabera. Hori horrela denik, ordea, ez dute horren argi: «Guk olatu hori zegoela zalantzan jartzen genuen. Badaude praktika feministak, eta kooperatibista feministak edo eragileak, baina zalantza egiten dugu mugimendu bat dagoenik». Batetik kooperatiba feminista definitzeko markoa zein den argitu behar dela, eta bestetik subjektua zein den eztabaidatu behar dela uste du Rodriguezek. Eremu horietan aurrera urratsak egiteko antolatu zituzten Topaketak; eta parte-hartzaileak gonbidatzerakoan, «gaiak interes adina beldur» sortzen zuela sumatu zuten.

Kide ezberdinekin hausnartzen eta bidea egiten jarraitu behar da, Rodriguezen iritziz. Eremu askotako kideek parte hartu zuten osteguneko topaketan: hezkuntza mundukoek, industriakoek, aholkularitzan dabiltzanek, saltoki txikietakoek… Rodriguezek autokritikarako tartea hartu zuen: «Bi eremu garrantzitsu falta zaizkigu; ez dugu lortu behar beste hurbildu eta erakartzea: emakume migratzaileak eta nekazaritza eremuko emakumeak». Aurrerantzean arlo horietara iristeko apustua egingo dutela adierazi zuen. Kooperatibismoaren munduko izen garrantzitsu bat ere falta zen topaketan, Mondragon Kooperatiba.

Iturria: NAIZ eta argazkiak Idoia Zabaleta