Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroako Foru Erkidego eta Ipar Euskal Herriko gizarte ekonomiaren inguruko jardunaldiaren kronika

30 ekaina, 2017 | Kategoriarik gabe

Pasa den ekainaren 28an, Donostiako Joxe Mari Korta Zentruan (UPV/EHUko Gipuzkoako Kanpusean) Gizarte Ekonomiaren inguruko jardunaldia egin zen, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuak antolaturik, Nafarroako Gobernu, Eusko Jaurlaritza eta Nevadako Unibertsitatearen laguntzarekin.

Jardunaldiari hasiera ofiziala GEZKI-ko zuzendari Aitor Bengoetxeak eman zion, hitza eskainiz bertaraturiko partaideei: Mikel Irujo (Nafarroako Gobernua), Xabier Irujo (Renoko Euskal Ikasketa Zentroa), Jokin Diaz (Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria) bai eta Agustin Erkiziari ere (UPV/EHU-ko Gipuzkoako Kanpuseko errektore ordea).

Programari jarraituz, Aitor Bengoetxeak Gizarte Ekonomiaren definizio eta esparrua azaldu zituen, honen aurrekari historikoei errepaso txiki bat emanez, bai eta lege aldetiko ohar garrantzitsu batzuk eginez.

Jarraian gizarte ekonomiaren egungo egoerara hurbiltzeko, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko teknikariek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait datu plazaratu zituzten, batez ere sektorearen lanpostuei buruzkoak. Berdina egin zuen Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen (ANEL) elkarteko presidente Ignacio Ugaldek, elkarteak dituen lan ildo ezberdinen errepaso eta aurkezpena egiteaz gain. Ipar Euskal Herriko egoeraz, ondoren, Burdeos Unibertsitateko irakasle eta Émile Durkheim zentroko zuzendari  Xabier Itçaina aritu zen, datuetan zentratu beharrean sektorearen bilakaera historiko orokorragoa eskainiz. Zentzu honetan, interesgarria izan zen sektoreari gizarte zientziek eginiko ekarpenen inguruan mintzaturikoa.

Atsedenaldira joan aurretik, KonfeKoop-eko zuzendari Rosa Lavin aritu zen, TESS eta ETESS proiektuak azaltzen, mugaz gaindiko proiektu interesgarri hauen garrantzi eta arrakasta erakustaraziz.

Jardunaldiaren azken zatian, mahai inguru baten bueltan aritu ziren Carlos Lozano (CEPES – Nazioarteko Erlazioko Arloko Koordinatzaile), Jokin Diaz, Mikel Irujo eta Jean Michel Larrasquet (Kudeaketa Zientzietan irakasle emeritua UPPA/Estia/M.U-tan), Jon Morandeira (GEZKI) moderatzaile bezala zegoelarik.

Partaide bakoitza bere esparru geografikoari dagozkien politika publikoen inguruan aritu zen eta bertaratu zen publikoaren aldetik eginiko galdera-erantzunekin itxiera eman zitzaion jardunaldiari.

Iturria: GEEB