Euskal adituen presentzia nabarmena langileek kudeatutako enpresei buruzko Ikertzaileen Nazioarteko Topaketan

23 urria, 2015 | Kategoriarik gabe

Urriaren 5ean eta 6ean, Valentziako Unibertsitatean, langileek kudeatutako enpresei buruzko Ikertzaileen Nazioarteko Topaketa egin zen. Ekimena IUDESCOOP Institutuak (Institut Universitari d'Investigació en Economia Social, Cooperativisme i Emprendiment) antolatu zuen, eta bertan CIRIEC-Espainiak eta Rulescoop-ek ere parte hartu zuten.

Ekimenak ekintzailetza berriak sortzeko lan-sozietateen eta lan elkartuko kooperatiben bideragarritasuna eztabaidatzeko balio izan zuen; enpresa langileen eskuetan uzteak dakartzan aukerak eta oztopoak; bazkide-langileei aplikagarri zaien esparru juridikoak sor ditzakeen arazoak eta lan elkartuak dituen erronka berriak, ekintzaileen, egitasmo sozialen edota partaidetzako sozietateen kooperatibak bezala.

Topaketan euskal adituen presentzia nabarmena egon zen. Itziar Villafañezek (Euskal Herriko Unibertsitatea) “El traspaso de empresas a los trabajadores: oportunidades y principales obstáculos” lanaren baitan parte hartu zuen. Aitor Bengoetxeak (Euskal Herriko Unibertsitatea), Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI Institutuko zuzendariak, “El marco jurídico aplicable a los socios trabajadores. Problemática y propuestas para su mejora” lanaren inguruan jardun zuen. Javier Muñecas, ASLE-ko abokatua, lan elkartuak dituen erronka berrien (ekintzaileen, egitasmo sozialen edota partaidetzako sozietateen kooperatibak) inguruko eztabaidan aritu zen. Izaskun Alzola (Mondragon Unibertsitatea) ere, lan horren inguruan hitz egin zuen ekintzaileen kooperatibei buruzko kasuak azalduz. Azkenik, José María Pérez de Uraldek (Gizarte Ekonomiako Gizarte Behatokia) CIRIEC-Espainiako zuzendari gisa parte hartu zuen ekimenaren amaieran.

Iturria: OVES/GEEB