Euskadiko kooperatiba eredua Göteborgeko Goi Bileran

29 azaroa, 2017 | Kategoriarik gabe

María Jesús San Josék, Lan eta Justizia arloko Sailburuak, eta Jokin Díaz Arsuagak, Gizarte Ekonomiako Zuzendariak, esku hartu zuten hilaren 17an Göteborgen egin zen eta Europar Batasuneko estatuburuak bildu zituen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Nazioarteko Konferentzian.

Sailburuak parte hartu zuen, gizarte-ekonomiaren moduen enpresa-ehunaren garapena ahalbidetzen duten baldintzak, finantzaketa eskuratzeko aukerak eta hura arautzen duten esparru arauemaileen hobekuntza aztertzeaz arduratu ziren gonbidatuen taldearen barruan. Eginkizun horretan, Europako eskualdeetan gizarte-ekonomia garatzen laguntzen duten jardunbide egokien adibideak aurkeztu zituzten. Hain zuzen ere, María Jesús San Josék, Kooperatiben Lege berriaren aurreproiektua lantzean erdietsi den adostasuna azpimarratu zuen. Izan ere, gainditu du kontsulta publikoaren fasea eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean jar daiteke indarrean.

Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, María Jesús San Josék hainbat topaketa izan zituen, horien artean, Europako komisario diren Marianne Thyssen eta Cecilia Malmströmekin, Europako Batzordeko zuzendari nagusi Lowri Evansekin, Suediako LO Sindikatuen Konfederazioko (The Swedish Trade Union Confederation) kideekin eta Socialstyrelsen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aholku Komitea) eta Suediako Osasun eta Ongizate Batzar Nazionaleko arduradunekin.

Göteborgeko Nazioarteko Konferentzia Europako Batzordearen eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen ekimena da. Gobernantza publikoaren maila guztietako arduradunak (estatukoak, eskualdekoak eta tokikoak) biltzen ditu, Europako esparruko gizarte-ekonomiaren ordezkari eta solaskideekin batera, gizarte-ekonomiaren enpresa eta erakundeek Europar Batasuneko hazkunde ekonomikoari eta gizarte-kohesioari egiten dioten benetako ekarpena aurkezteko eta ikusarazteko.

Iturria: Euskadi.eus