Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko legea

29 iraila, 2016 | Kategoriarik gabe

Pasa den maiatzean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko 6/2016 Legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean, gure gizartean funtsezko papera jokatzen duten erakundeentzat aurrerapausu garrantzitsu bat suposatu duena.

Arau honek Euskadin 3.000 organizazio baino gehiagok osatzen duten sektorearen jarduna erregulatu du, egun, 35.000 langile eta 125.000 boluntario dituena. Ekimen sozialekoak diren eta irabazi asmorik ez duten entitateek osatzen dute eta babesgabetasun, desgaitasun, bazterketa edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen, familien eta kolektiboen gizarteratzea eta eskubideak egiaz baliatzea dute helburu nagusi.

6/2016 Legearen ekarpen nagusienetako bat Hirugarren Sektore Sozialaren definizio juridikoa da, gainera, elkarrizketa zibila sektoreko erakundeek politika publikoetako fase guztietan parte hartzeko duten eskubide bezala ezarri da. Bestalde, administrazio eta arlo honetako beste eragile batzuekin lankidetza mantentzeko mekanismoak sistematizatu eta sendotzeaz gain, sektorea sustatzeko tresnak eta politikak zehaztu dira.

Sektoreak positiboki baloratu du Legebiltzarrean onartutako legea, egunez egun betetzen duten lanaren garrantzia aitortzen eta babesten baita, eta kontsideratzen dute erakundeen beraien eta sektore publikoaren nahiz enpresa pribatuen arteko lankidetza garatzeko neurriak indartzen direla.

Azken urteetan bizi izan dugun krisi egoera dela eta, entitate hauetara jotzen duten pertsonen kopurua nabarmen handitu da, ondorioz, gero eta beharrezkoagoa egin da hauen jarduna erregulatzen duen araudi baten existentzia. Erakundeek enplegu, hezkuntza, osasun eta gizarteratzearen eremuan egiten duten lana erabakigarria da, eta egindako esfortzu handiari esker esan genezake gizarte justuago eta solidarioago batean bizi garela. Sektoreak betetzen duen papera beharrezkoa da euskal gizartean justizia eta elkartasuna sustatzeko eta gizarte zerbitzuen mesederako.

Sektore publikoari dagokionez, Hirugarren Sektore Sozialaren parte-hartzea politika publikoen esparruan funtsezkoa izango da administrazio ereduaren aldaketari ekiteko, kudeaketa etikoago eta parte-hartzaileago baten alde.

Maiatzaz geroztik, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak orain arte ez zuen marko juridikoa dauka, eta modu honetan, entitateek beharrizan sozialen esparruan burutzen duten lana agerian geratu da. Esan genezake, araudi honen onarpenak sektorea indartzeaz gain, euskal gizartean egin duten lanaren errekonozimendua suposatu duela. Gainera, etorkizunera begira, erakundeen parte-hartzea gizarte politiken diseinu prozeduran erabakigarria izango da gure gizartea solidarioagoa eta justuagoa izan dadin.

Ane Etxebarria Rubio, OVES-GEEBko arlo juridikoa