Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna

13 maiatza, 2022 | Kategoriarik gabe

Maiatzaren 11n, asteazkena, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren eguna ospatu zen, Gasteizko Artium Museoan.

Hirugarren Gizarte Sektorea irabazi asmorik gabeko herritarren ekimeneko erakundeek osatzen dute. Erakunde horien helburua da egoera ahulean edo bazterrean, babesik gabe, ezgaitasunean eta/edo mendekotasunean dauden pertsonen, familien, taldeen eta komunitateen gizarteratzea eta eskubideen benetako erabilera sustatzea.

Ia 4.000 euskal erakundek gizarte kohesionatu, integratzaile, solidario eta parte-hartzailearen alde egunero egiten duten lana bildu, ikusarazi eta babesteko jardunaldia da hau. Gaur egun, 38.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, 138.000 boluntariok parte hartzen dute, eta EAEko BPGaren %2,3ri dagokion bolumen ekonomikoa kudeatzen du.

Juan Cid Pardok jaso zuen Sareen Saria, duela 30 urtetik autismoaren eremuko elkarte-mugimenduari lotua. Euskadin, Gautena eta FEVAS Plena Inclusión Euskadi elkarteetako kide izan da, eta lehendakari izan da, baita Geraian Fundazioko patronatuko kide ere. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beatriz Artolazabal sailburua izan ziren ekitaldian, erakundeen ordezkari gisa.

Urtero bezala, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna baino lehen parte hartzeko jarduera antolatu zen. Herritar guztiei zabalik zegoen jarduera, eta, oraingo honetan, gizarte-eraldaketa aldarrikatzeko horma-irudi bat marraztu zen.

Iturria: Sareen Sarea + Irekia