Laboral Kutxa eta Europako Inbertsio Fondoak hitzarmena sinatu dute Europako Enplegu eta Gizarte Berrikuntzarako Programaren (EaSI) barne. Horren arabera, 75 milioi euro emango dizkiete 5.000 ekintzaile eta mikroenpresa baino gehiagori. Horrela, 5.200 lanpostutik gora sortu eta finkatuko dituzte, bai autonomoen, bai kooperatiben, bai negozio txikien eta bai 2 milioi eurotik beherako urteroko fakturazioa duten enpresen arloetan.
Europako Inbertsio Fondoak ez dizkie laguntza zuzenak eskaintzen enpresei; finantza-entitate egokiak aukeratzen ditu bitartekari moduan, eta maileguei aurre egiteko bermeak ematen dizkiete.
Beraz, Laboral Kutxak emango ditu maileguak, laguntza-lerro horretatik bideratutako 75 milioi eurorekin. Sinadura ekitaldian, espainiar Estatuko finantza-erakunde bakarra izan zen Laboral Kutxa, eta kolaborazio akordioan parte hartu duten sei erakundeen artean diru gehien jaso duena da. Guztira, 237 milioi euro banatu dituzte, eta euskal entitateari ia herena eman diote.
Honez gain, Laboral Kutxak Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE) zuzendutako 2.000 milioi euroko kreditu-linea berria martxan jarriko duela iragarri du. Kreditu hori Bizkaian (600 milioi), Gipuzkoan (500 milioi), Araban (300 milioi), Nafarroan (300 milioi) eta ETEak presentzia duten beste lurraldeetan (250 milioi) banatuko dira.
Kredituaren aurkezpenean, Laboral Kutxako arduradunek egungo egoera aztertu dute. 2014an enpresei zuzenduriko kreditua berriro ere ematen hasi zela nabarmendu zuten, bereziki, Estatuko enpresa handiei; 2015an, ETEei ere ematen hasi zen; batez ere, bi faktoreetan oinarrituz: inbertsioen gorakada eta kreditua eskuratzeko finantza-baldintzen hobekuntza.
Iturria: Tulankide