ESSAQUI proiektuaren bukaerako solasaldia Bordelen

31 maiatza, 2019 | Kategoriarik gabe

Maiatzaren 28 eta 29an, ESSAQUI proiektuaren amaierako solasaldia ospatu zen Bordelen, hiri horretako Science Po fakultatean, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren lurralde erregimenen mutazioei buruzkoa. ESSAQUI proiektua 2015 eta 2019 artean garatu zen, politika publikoek –instituzionalizazioa edo “jardunbide egokien” zirkulazioa, adibidez– Gizarte Ekonomiaren erakundeen hazkunde edo ahultzean izandako eraginak aztertzeko.

Hitzaldian “Instituzioak ispiluan” gaia jorratu zen. Ekitaldia, Bordeleko Unibertsitateko Émile Durkheim Zentroak eta Akitaniako Garapenerako Prestakuntzarako Institutuak antolatu zuten, Frantziako CNRS eta Akitania Berria erregioaren lankidetzarekin. Hainbat mintzaldik osatu zuten solasaldia, Gizarte Ekonomiaren lurraldetasunaren inguruan: XIX. mendetik aurrerako Historia, deszentralizazioan oinarritutako politika publikoak, eta zehazki Akitaniako eskualdean, edo Gizarte Ekonomia eta kluster eta lankidetza ekonomikoko guneen erlazioak, Bretainian edota Grenoblen.

GEZKIko bi kideek parte hartu zuten solasaldian. Xabier Itçainak Akitaniako hegoaldean lurralde lankidetzako esperientziari buruz hitz egin zuen, eta elkarteak, ekintza publikoa eta lurraldeen ahuleziei buruzko (Bilbo, gizarte-elkarte edo “zero-langabetu” lurraldeen kasuak) panel bat zuzendu zuen. Bestalde, Enekoitz Etxezarreta beste panel batean parte hartu zuen, Euskadi kasurako Koopfabrika aurkeztuz unibertsitatearen, lurralde garapenaren eta kooperatibismoaren arteko lotura gisa.

Azken egunean, elkarteek herritarren mobilizazioan eta militantismoan izandako papera aztertu zen, Iparraldea barne. Ekitaldia bukatu zen Gizarte Ekonomiaren guneak eta lurralde lankidetzari eskainitako itxiera batekin, funtzionario eta ikertzaileen parte-hartzea izan zuena.

Iturria: Centre Émile Durkheim-Université de Bordeaux