Joan de otsailaren 2an, EROSKIk 22 milioi euro ordaindu zizkien menpeko finantza-ekarpenen (MFE) inbertitzaileei, 2014 urteari zegozkion interesak kitatzeko.
2002ko hazkundea finantzatzeko Eroskik lehen MFEen jaulkipena egin zuenetik, kooperatibak garaiz egin izan du urteroko interes ordainketa. Guztira, 314 milioi euro pagatu ditu dagoeneko. Urte hauetan guztietan zehar, MFEen ordainsaria beti izan da %3tik gorakoa, Euriborra gehi 3 puntuko diferentziala oinarri izanda 2002ko eta 2004 jaulkipenetan, eta %2,5ko diferentziala 2007 jaulkipenetan. MFEak 2002an eskuratu dituen inbertitzaile batek, hasieran jarritako diruaren %67 berreskuratu du interes gisa. Menpeko finantza-ekarpenak 2004tik dituen inbertitzaileak %55 kobratu du interes moduan, eta 2007tik dituenak, berriz, ingresatu duenaren %34 berreskuratu du.
“Ekarpenen titularrek urtero ikusi dute euren inbertsioa ordaindu zaiela haren balio nominalaren arabera, finantza-merkatuan kotizatzen dutena aparte utzita”, adierazi du Rosa Carabelek, EROSKIko Ekonomia eta Finantza zuzendariak. MFEen urteko ordainsaria tituluaren balio nominalarekin lotuta dago, eta horri ezin zaizkio galerak egotzi. Berme horrek beste menpeko produktu finantzarioekiko alde ikaragarria du.
Indarrean dagoen araudia kontuan izanda, produktu finantzario horren bidez, kooperatiba batek baliabide propioak beregana ditzake bere hazkundea finantzatzeko; beti ere, inbertitzaileari diruaren prezioaren garapenarekin (Euribor) lotuta dagoen ordainsaria eskainiz gero, baina kooperatibaren emaitza ekonomikoei baldintzatua egon gabe. Menpeko finantza-ekarpenak (MFE) produktu finantzarioa dira eta zehatz-mehatz betetzen dituzte errekerimendu legalak; eta, une oro, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) gainbegiratua eta onarpena izan dute. Erakunde hori espainiar balore merkatua ikertu eta ikuskatzen duen organismoa da.
2015. urterako, 2002 eta 2004ko jaulkipenetarako interes-tasa %3,271an finkatu dute (%0,271 + %3ko diferentziala), eta %2,771ekoa (%0,271 + %2,5ko diferentziala) 2007ko jaulkipenetarako; interes horiek datorren urteko otsailaren 1ean ordainduko dira.
Merkatu finantzarioak MFEaren balioa %21 handitu du 2014an
Beste titulu finantzario batzuetan bezala, merkatuak ematen die likidezia inbertitzaileei. Bitartekaritza prozesu horren buru den Kontsumobide akordio batera iritsi zen, epemuga duen titulu berri baten truke, eta horrek MFEek gorakada handia izatea eragin zuen. Momentu hartatik, MFEen balioa %21 inguru handitu da, eta, egun, euren balio nominalaren %49 kotizatzen dute. 2013 azaroan kotizazio maila minimora iritsi zirenetik, tituluek %79ko igoera izan dute.
Trukerako aukera, %2,8 eta %4 UTBen arteko errentagarritasunarekin
EROSKI eta finantza-entitateak akordio batera iritsi dira, joan de urtarrilaren 15eko berregituratze finantzariorako hitzarmenaren barne, MFEen truke boluntarioa eskaintzeko 12 urteko bono batengatik.
“EROSKIk hasieratik jarrera egokia erakutsi du, komertzializaziorako finantza-entitateekin batera, Kontsumobidek egindako bitartekaritza lanetan parte hartuz inbertitzaileei aukera bat eskaini ahal izateko; MFEen jaulkipena legalki argia eta akatsik gabekoa dela frogatu den arren”, adierazi du Carabelek. “Erabakitako truke aukerak egiaztatzen du, tituluaren igorle garenez, inbertitzaileekin dugun konpromisoa. Epemuga duen aukera interesgarria eskainiko diegu, gure eskura dagoena”.
MFEak dituztenentzat boluntarioa izango da trukea egitea, eta prozedura horren ildo nagusiak honakoak dira:
• Menpeko bonua ematea (egungo MFEen maila berekoa) MFEek orain duten balioaren %55agatik, 12 urteko epemugarekin, edukitzaileak 5 urte luzatzeko aukerarekin eta Euribor gehi %3ko interes berarekin. Bonuak epemuga izan arren, eta kooperatibaren fondo iraunkor bezala kalifikatzen ez bada ere, titulu berri honen interesa 2002 eta 2004 urte bitartean MFEetan abonatutakoaren parekoa izango da; eta 0,5 puntu igoko da 2007ko jaulkipenean.
• Eskudirutan ordaindu, trukea egiteko unean, MFEen balio nominalaren %15.
Bonoaren trukea eta jaulkipena egiteko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) baimena eta Eroskiko Batzar Nagusiaren aurretiko onarpena beharko da. EROSKIk bono berriak igortzen dituenean, balore merkatuak dioen bezala, finantza-entitateak arduratuko dira MFEak dituztenen artean saltzeaz. Aukera horren bidez, Kontsumobidek zuzendutako bitartekaritza prozesu horretan, inbertitzaileak inbertitu duenaren %100 berreskuratuko du bono berriaren epemugara iristean, eta kobratutako interes metatu guztiak kontuan izanda.
10.000 euroko inbertsio batean, trukearen aukerarekin honako itzulkinak lortuko lirateke:
• 2002ko inbertitzaile batek 17.100 euro kobratuko lituzke, 12 urteko bonuaren epemuga iristean; hau da, hasieran egindako inbertsioa berreskuratu eta UTBen %4ko errentagarritasuna lortuko luke (Euriborraren garapenaren araberako errentagarritasuna).
• 2004ko inbertitzaile batek 15.800 euro kobratuko lituzke, 12 urteko bonuaren epemuga iristean; hots, hasieran egindako inbertsioa berreskuratu eta UTBen %3,6ko errentagarritasuna lortuko luke (Euriborraren garapenaren araberako errentagarritasuna).
• 2007ko inbertitzaile batek, aldiz, 13.800 euro kobratuko lituzke, 12 urteko bonuaren epemuga iristean. Hasieran egindako inbertsioa berreskuratu eta UTBen %2,8ko errentagarritasuna lortuko luke (Euriborraren garapenaren araberako errentagarritasuna).
Iturria: TU Lankide