Iaz 143 kooperatiba sortu ziren Elkar-Lan elkartearen laguntzari esker. Zifra horrekin errekorra hautsi da, kooperatiben sorrera bultzatzea helburu duen elkartearen arduradunek azpimarratu duten moduan.
Krisi ekonomikoa dela eta, enpresak ixtearen eta langileak kaleratzearen ondorioz, ekintzailetza indartu da lan mundura itzultzeko bide gisa. Hori izan liteke kooperatiba berrien areagotzea azalduko lukeen arrazoietako bat. Izan ere, askok irtenbide profesionala lortzeko aukera bakar gisa ikusi dute norbere negozioa sortzea.
Zehazki, 143 kooperatiba horiek 549 lan postu berri eratu dituzte; gehienak, 137, lan elkartukoak. Era berean, bina enpresa sortu dituzte etxebizitzaren, kontsumoaren eta enpresa-zerbitzuen sektoreetan.
Jarduera sektoreei dagokienez, gehienak zerbitzu enpresak dira, 78 guztira, eta azpimarragarria da industria kooperatiben kopuru eskasa. Azken sektore horretako enpresa sortzeko "beharrezkoa den inbertsioa askoz altuagoa delako gertatzen da hori. Industria arloko lanpostuak askoz garestiagoak dira”, nabarmendu du Elkar-Laneko zuzendari Javier Sanzek.
Hain zuzen ere, finantziazioa lortzeko zailtasunak nabarmendu dituzte Javier Sanzek eta elkartearen lehendakaria den Agustín Mendiolak, eta enpresa mota horientzat finantzaketa-kanal espezifikoak eskatu dituzte.
Batez besteko hiru langile dituzten kooperatiba txikiek 6.000 euroko inbertsioa behar izaten dute, eta proiektuen %20k kanpo-finantzaketaren beharra du. Arazo nagusia enpresa txiki eta ertainen finantzazio bideek askotan kooperatibak kanpo uzten dituztela da. Izan ere, kooperatibetan gutxienez enpresaren kapitalaren %51k bazkide eta langileen eskuetan egon behar du, eta kanpotik etorritako inbertsioek baldintza hori oztopa dezakete.
Lurraldeei dagokienez, Bizkaia izan da aktiboena, 89 kooperatiba berri sortu baitituzte bertan; kopuru osoaren %62, hain zuzen ere. Gipuzkoan 35 eratu dira eta Araban 19.
Elkar-Lanek Enpresa Ekimenen Behatokiaren inguruan egindako azterlanaren arabera, 872 kooperatiba eratu dira 2002 urtean elkartea sortu zenetik. Horietako 20 likidatu egin dituzte, eta 29 desegin. Oraingoz, ekintzailearen profila nagusiki 25 eta 54 urte bitarteko adina duen eta erdi edo goi mailako ikasketak dituen gizonezkoarena da. Emakumezkoen portzentajea %38n kokatzen da.
Iturria: El Mundo.