Ekiherri komunitatea sortu dute Errenterian, energia burujabetasuna erdiesteko

31 martxoa, 2023 | Kategoriarik gabe

Oarsoaldea, Irun eta Hondarribiko lehen energia komunitatea publikoki aurkeztu zuten astelehenean. Jakin mina piztu zuen zalantzarik ez dago, Niessen auditorioa lepo bete zelako Ekiherriren berri lehen eskutik jasotzeko. Nora Barroso, komunitate berriko kideak gidatu zuen aurkezpen ekitaldia, eta bertaratutakoei eskerrak eman zizkien ekitaldiarekin bat egiteagatik.

Aurpegi ezagunekin batera, ezezagunak, izan ere, Ekiherri “herritarrek” osatzen dute, “komunitatea osatzen dugun bizilagunak gara, mundu hobeagoa nahi dugu eta horretarako, energia berriztagarria nahi dugu. Badakigu nondik gatozen, badakigu non gauden, eta badakigu ere nora joan nahi dugun”. Energia burujabetza zuten amets, eta Ekiherri Energia Komunitatearen bidez lurra hartu du amets horrek.

Ekiherri sortzeko bidea duela urtebete abiatu zuten hainbat herritarrek, “energia krisiarekin kezkatuta ginen Errenteria-Oreretako hainbat bizilagun elkartzen hasi ginen”. Hilaren 16an sortu zuten Ekiherri Energia Komunitatea, “aita eta ama ugari ditu, eta familia hazten jarraitzea espero dute, hori da beraien xedea”.

Udaleko Jasangarritasun Teknikari Niko Bengoetxeak, udalak energiaren arloan egindako bidearen berri eman zuen. Komunitate energia zer den azaldu zuen lehenik, “helburu soziala duen eta udalerriari ingurumen onurak, zein sozioekonomikoak ematen dizkion erakunde juridikoa da. Energiaren gaineko aholkularitza eta horrekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu, halaber”. Udalak egindako ibilbidea azaldu zuen ondoren. Oinarri horien gainean ekintza plana sortu zen klima eta energia iraunkorra bermatzeko 2022. urtean”.

Udalak gainera, 2030erako %30 murriztu behar du udalaren kontsumoa, eta %32 energia berriztagarria izan behar du udal eraikinetan, “horretarako teilatuak behar dituzte”. 2020ko ekintza planak %20ko murrizketa zuen helburu, “eta 2019ra arte %16ko murrizketa egin zuen gas isurian. Murrizketa hori herri osoarena da, eta komunitate guztia gaude inplikatuta helburua lortzeko. Lortu dute, neurri batean. Energia kontsumoa egun 500.000 megawatt ordukoa da urtean. Energia berriztagarriak baditugu, baina ez nahikoak, 5.000 megawatt orduko ditugu urtean. Gauza batzuetan, beraz, hankamotz gabiltza, beste batzuetan dezente egin dute”.

Energia komunitatea sortzea, udalaren ekintza planaren barruan txertatuta zegoen. Hori egiteko, Goiener kontratatu zuen udalak eta haren lankidetza eta Farapi Koopen dinamizazioa izan dute komunitatearen sorrera horretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, diru laguntza eman du bideratzeko prozesua.

Udalaren laguntzarekin iazko otsailaren 9an herrian lehenengo bilera egin zuten hainbat herritarrek, Barrosok azaldu zuen moduan. Ondoren Goienerrenen laguntzarekin lehen urratsak egin zituzten, eta joan den azarotik bere kabuz dabil komunitatea udal teknikariaren laguntzarekin batera: “Lan ikaragarria egin da urtebetean, eta beste hainbeste dugu, lan handia aurretik ere”.

Energia komunitatea herritar orori irekia da, “egungo energia sistema aldatzeko interesa dugun herritarrek sortua da trantsizio justua bermatuta”. Helburu nagusia, energia kontsumoa murriztea du komunitate horrek, baita energia fakturak merketzea ere, energia berriztagarrian erreferente izanik erregai fosilekiko dagoen menpekotasuna murriztuta. Energia subiranotasunaren alde egin nahi dutela errepikatu zuten, “gure erabaki propioak hartu nahi ditugu eremu ezberdinetan, garapen ekonomikoan, bizi kalitateak hobetzeari dagokionean, eta gizarte kohesio zabal eta sendo bat lortzeari begira”. Horregatik, herritar ororen parte hartzea behar dutela esan zuten atzoko agerraldian, “herritar ororen babesa”.

Iturria: Argia