Mondragon Korporazioko parte den KREAN enpresa taldea eta EVE (Energiaren Euskal Erakundea) daude proiektuaren atzean. Eguzkitik eratorritako Euskadiko energia-sorkuntza elektrikoko potentzia bikoiztuko du plantak bere 24 MW-ei esker eta Euskadiko eguzki-parke fotovoltaiko handiena izango da.
EKIAN eguzki-parkea Erribera Beitiko (Araba) ARASUR industrialdean eta plataforma logistikoan kokatuta egongo da eta 24 MWpikoko instalatutako potentzia izango du, eta horrek Euskadiko egungo ahalmena bikoiztuko du eta pauso handi bat izango da Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiaren helburuen lorpenaren barruan 2030. urterako energia berriztagarria produzitzeko arloan.
Gasteizko Europa Jauregian izandako ekimen honen aurkezpen-ekitaldiak proiektuari atxikitako enpresa gehien-gehienen parte-hartzea izan du, baita ordezkaritza instituzional zabala ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiarekin eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezekin. Bere mintzaldian, “etorkizuneko proiektuak garatzeko indarrak batzeko” euskal enpresek duten tradizioa jarri du balioan lehendakariak, eta, horrekin batera, Euskadik energia berriztagarrietan oinarritutako proiektu berriak erakartzeko duen gaitasuna, energia horiek lagungarriak direlarik hornikuntza garbiagoa izateko eta industria-sarea indartzeko teknologia propioa garatuta.
EKIAN proiektua lankidetza publiko-pribatu gisa eratzen da, zeinean proiektuaren bi sustatzaileek –Energiaren Euskal Erakudeak eta KREAN– sozietate instrumental bat eratu duten, –teknikoki Interes Ekonomikoko Elkarte deitutakoa–, hogeita hamar urteko eperako eratzen dena eta helburutzat instalazio fotovoltaiko horren energia sortzeko jarduera martxan jartzeko eta egikaritzeko jarduna erraztea duena. Sustatzaileekin batera, hainbat sektore eta esparrutako (industria-arloa, eta zerbitzuen eta administrazioaren arloak) enpresak osatutako talde baten atxikipena eragin du proiektuak, eta guztira 24 milioi euroko inbertsio globala bideratuko dute eguzki-parkea instalatu eta martxan jartzeko. Enpresa gehiago atxiki ahalko dira proiektura etorkizunean, zenbait euskal enpresarekin irekitako negoziazioen arabera. Finantzaketarako, Laboral Kutxaren eta Kutxabanken laguntza izango dute enpresek.
Eguzki-parke paregabea
ARASUR industrialdeko “La lágrima” deitutako 55 hektareako hedadura duen industria-finkan egongo da kokatuta eguzki-planta fotovoltaikoa, Erriberabeitiko udalerrian, Araban. Bakoitzak 355 watt dituen azken belaunaldiko 67.000 eguzki-panelen multzo batek osatuko du, eta horrek guztira 24 MWko instalatutako potentzia totala batuko du, urtean gutxi gorabehera 40.000 MWh produzituta, hau da, 15.000 familiak urtean egiten duten kontsumo elektrikoaren baliokidea den energia elektrikoa. Proiektu aitzindaria izango da EKIAN, lehen aldiz sustatuko baita eguzki-parke bat instalatutako potentziaren zati baten “jabe” izango diren enpresa ugariren lankidetzaren bidez.
Instalazio-obrak martxoan abiaraztea aurreikusita dago eta zenbait hilabetez luzatuko dira lursailaren egokitzapen-faseak, eguzki-panelen instalazioa eta interkonexio elektrikoko lanak amaitu arte. Proba-fasea udazkenean hastea espero da, sarerako konexioaren ondoren, eta urte-amaierarako kalkulatzen da, aldiz, igaroko dela ahalmen beteko produkziora.
Eguzki-energia Euskadin
Tamaina desberdineko 2.000 instalazioko ahalmen fotovoltaikoa dago Euskadin, eguzki-energia aprobetxatzeko ia 26 MWko instalatutako potentzia totalarekin, instalazio horiek urtean 34 GWh sortzen dutelarik. Instalatutako potentzia horren % 20 da Energiaren Euskal Erakundearen jabetzakoa.
Energia Estrategian Eusko Jaurlaritzak markatutako 2030. urterako lortu beharreko helburuek erakusten dute ia % 115eko hazkundea izango dela energia berriztagarrien erabileran. Eguzki-energia fotovoltaikoaren kasuan –aprobetxatutako energia berriztagarri osoaren % 1,4 da gaur egun– helburua ehuneko hori bikoiztea da % 4,4ra iritsi arte hamarkada eskasean, 293 MWko instalatutako potentzia lortzeko.
Eguzki-energia fotovoltaikoak garapen-potentzial handia du, fase komertzial bat duen teknologia baita, zeinaren kostuak etengabe murrizten diren merkatuaren hazkundeari eta I+Gko inbertsioei esker. Legegintzan izan diren azken aldaketen ondoren, eguzkiaren gaineko zerga deitutakoak eta autokontsumorako trabek eragindako geldotze-urteak gainditzen ari da eguzki-energia. Energia fotovoltaikoak moldagarritasun eta aplikagarritasun handia eskaintzen du, eta, hortaz, aplikatzekoa da eraikinen estalkietan zein eguzki-parkeetan taldekatutako instalazioetan. Eta hori guztia, gainera, produkzio elektriko berriztagarrirako alternatiba ekonomikoki bideragarri gisa.
Lankidetza publiko-pribatua
EKIAN Parke Fotovoltaikoaren buru proiektuaren beraren bi sustatzaileak dira, hots, Energiaren Euskal Erakundea eta KREAN.
Euskadiren Energia Estrategiak proposatzeko zeregina duen Eusko Jaurlaritzaren energia-agentzia da Energiaren Euskal Erakundea, hornidura-bermeko, lehiakortasuneko eta jasangarritasuneko irizpidepean, eta, horrekin batera, herrialdearentzat funtsezkoak diren proiektuen garapenean parte hartzeko zeregina ere badu. Horretarako, Euskadiko erreferentziazko erakundea da energia-esparruan, energia-efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak garatzeko egiten duen ekarpenarengatik.
KREAN Promoción y Estructuración adarrak, LKS KREAN adarrak (parkearen proiektua diseinatzen eta zuzentzen duen ingeniaritza-enpresa) eta KREAN Design & Build adarrak (diseinua eta eraikuntza giltzak eskuan) KREAN Taldea osatzen dute, MONDRAGON korporazioan bildutako taldea. Proiektuetako lidertzaren aldeko apustua egiten du KREAN Taldeak, betiere –EKIAN parkearen kasuan bezala– proiektu horiek jasangarritasunarekiko konpromiso bat inplikatzen badute, ingurumen-arloan zein erantzukizun sozialaren arloan. Araban bertan, adineko pertsonentzako, desgaitu fisikoentzako eta eguneko zentrorako egoitzagune berri baten eraikuntza sustatzen du KREAN Taldeak, eta Gasteizen Bus Elektriko Adimenduna ezartzeko proposamen batean parte hartzen du, Irizar eta Yarritu enpresekin batera.
EKIAN egitasmoaz informazio gehigarria: www.ekian.eus
Iturria: TuLankide