Desgaitasuna duten pertsonentzako enpleua %5 hazi da 2019an Enplegu Zentro Berezietan eta enpresa arruntetan

15 uztaila, 2020 | Kategoriarik gabe

Desgaitasunak dituzten pertsonen enpleguak hazten jarraitzen du Euskadin, nahiz eta laneratzeko zailtasun bereziak izan. 2019an, EHLABE- Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Zentro Berezien Elkarteak biltzen dituen enplegu zentro bereziek 128 langile gehiago izan zituzten (%1,6 gehiago); langileak, berriz, 205 izan ziren, guztira 333 lanpostu berri, aurreko urtean baino %5 gehiago.

Hala, 2019an eta lehen aldiz, enplegu zentro bereziek 8.000 langile baino gehiago izan zituzten, 8.229 lanpostura iritsi arte, zehazki. Kopuru horri Sutargi enpresa EHLABEn sartu izana gehitu behar zaio azken urte honetan. Hala, 14 erakunde eta ehun enplegu centro berezi baino gehiago dituen elkarteak Euskadiko enpresa berezien %95 baino gehiago biltzen ditu. Gainera, elkartea osatzen duten enpresek 366 milioi euro fakturatu zituzten 2019an.

Hazkundea azken urteetako joera da. 2011 geroztik, desgaitasuna duten pertsonen enplegua %38 hazi da gizarte-ekimeneko EZBetan. Euskadiko kolektibo horren enplegua 5.964 lanpostutik gaur egungo 8.000 lanpostura igaro zen.

Hauek dira EHLABEren 2019ko balantzearen ondorio nagusietako batzuk. Balantze hori ekainean aurkeztu zen prentsaurrekoan, eta berta parte hartu zuten Enplegu eta Gizarte Politiketako euskal sailburu den Beatriz Artolazabalek, EHLABEko lehendakari den Txema Francok eta elkarteko koordinatzaile den Pablo Moratallak.

Hala ere, pandemiak sortutako krisiaren ondorioz, EHLABEko enpresak beren lan-estrategia berrorientatzera behartu ditu. “Sektoreak enplegua etengabe sortzen jarraitu du, baina bizi dugun krisi ekonomiko eta sanitarioak eragin ekonomiko eta sozial handia du gure erakundeetan”, azaldu du EHLABEko lehendakariak.

Horregatik, orain, Euskadiko gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziek bi helburu dituzte: pandemia geldiarazteko beharrezko neurriak hartzen jarraitzea, erakundeetako langile guztien osasuna bermatzea, eta ezgaitasuna duten pertsonen enplegu-suntsiketa saihestea, Txema Francok azpimarratu zuenez.

Ildo beretik, Artolazabalek adierazi zuenez, “Eusko Jaurlaritzan aurrera egingo dugu enplegu babestuari eusten eta Euskadin desgaitasuna duten pertsonen laneratze-maila altuak finkatzen, elkarrekin lan eginez”.

Alde horretatik, 2019an enplegu zentro berezietan sortu ziren 128 lanpostu berrietatik, 46 laguntza premia handiena duten pertsonei dagozkie. Horrek esan nahi du, gaur egun, EHLABEko langileen erdiak baino gehiago (%56) laneratzeko laguntza berezia behar duten langileak direla (5.326 langile).

2019an, enplegu zentro berezietan lanpostuak sortzeko erritmo biziaren ondorioz, enplegu arrunt gisa sortutakoaz gain (publikoa zein pribatua), Euskadik desgaitasuna duten pertsonen langabezia-tasarik txikiena du Estatuan. Gaur egun, EAEko tasa %16,5ekoa da, eta estatuko batez bestekoa %25,2koa. Aldi berean, Euskadiko kolektiboaren enplegu-indizea %29,3koa da; Espainian, berriz, %25,8koa. EHLABEko lehendakariaren arabera, “ezgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko euskal eredua, estatuan eta Europan erreferentea dena, munduko pandemia eragiten ari den gizarte- eta lan-inpaktuari aurre egiteko bermerik sendoena izango da”.

Iturria: EHLABE