2021eko udazkenean (urriko 13-16an), Hernanin (Euskal Herria), Demokrazia komunalari buruzko Nazioarteko Lehen Biltzarra egingo da. Bertan, gaur egungo demokrazia ereduak zalantzan jartzen eta eraldatzen dituzten ideia eta praktika kolektibo zehatzak jorratuko dira.
Gizarte mugimendu eta dinamika eraldatzaileekin lan egiten duen Bakea Duintasunarekin elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Gizarte Zientzietako ikerketa-taldeak antolatu dute Biltzar hau, eraldaketa demokratikoko prozesuen ikerketa akademikoa eta soziala uztartuz. Kongresuaren helburua da, bai teoriatik bai praktikatik abiatuta, komunitateak, herri-botereak, autogestioak, autogobernuak, balio komunek eta parte-hartze kolektiboak oinarri eraldatzailea duten prozesuak eta esperientziak aztertzea. Horregatik, hausnarketa, eztabaida eta analisirako gune-prozesua izan nahi du, gizartearen eraldaketa komunalean eta komunitarioan lan egiten duten pertsona eta herri mugimenduentzat.
Aldez aurreko jarduerak egin nahi dituzte, harreman-sareak, analisiak, kontaktuak eta eztabaidak sortzeko, hausnarketa kolektiboko prozesu honen barruan.
LAN-ILDOAK
Kongresua gaikako eta laneko hainbat ildoren inguruan antolatuko da, diziplina anitzeko ikuspuntutik ekarpen desberdinak egiteko helburuarekin. Ildo tematiko bakoitzean, demokrazia komunalaren eta herri-boterearen azterketa teorikoa (prozesu historikoak, proposamenak, alderdi ideologikoak, etab.) nahiz autoantolaketa eta autokudeaketa komunitarioko esperientzia edo prozesu zehatzak (praktika hedatu eta finkatuenetatik, esperientzia txiki eta hasiberrienetara) onartuko dira.
Informazio gehiago hemen
Iturria: EHU