Joan de ekainaren 11n, CIRIEC-Espainiak bilera bat egin zuen ekonomia sozial eta kooperatiboaren etorkizuneko ikerketa ildoei buruz eztabaidatzeko, Valentziako unibertsitateko Ekonomia Fakultateko egoitzan.
Bileran CIRIEC-Espainiako presidenteak, José Mª Perez De Ugaldek, parte hartu zuen, batzorde zientifikoko presidente José Luis Monzónekin batera. CIRIEC-Espainiako presidenteordea, Adoración Mozas; CIRIEC-Espainiako Ekonomia aldizkariko editorea, Rafael Chaves; eta CIRIEC erakundearekin harremana duten ikertzaile talde bat ere bertan izan ziren.
Batzorde zientifikoko presidente berriak, José Luis Monzónek, besteak beste, gizarte-ekonomiako nazioarteko ikerkuntza proiektu bat lantzea planteatu zuen, sektoreak ongizatezko gizartean duen lekua sendotze aldera.
Rafael Chavesek, berriz, CIRIEC-Espainiako ikertzaileen lana nabarmendu zuen. 300 aditu inguru daude Espainiako 40 unibertsitate baino gehiagotan sakabanatuta, eta horietatik 20 inguruk gizarte-ekonomiako arloan ikerketa burutzeko egiturak dituzte. Gainera, gogorarazi zuen Estatuan egitura horiek guztiak Enuies Sarean daudela, eta horrek elkarlan zientifikoa ahalbidetzen duela gizarte-ekonomian hobekuntzak lortu ahal izateko. Sektore horretan, Espainia erreferentea da Europan.
Azkenik, Zaragozako unibertsitateko ikertzaile Millán Díaz Fonceak, REJIES (Gizarte Ekonomiako Ikertzaile Gazteen Sarea) aurkeztu zuen bileran. Sare hori ikertzaile gazteei zuzendutako topagune gisa sortu da, tesia lantzen ari direnentzat edo berriki aurkeztu dutenentzat, baita gizarte-ekonomian ikertzaile bezala euren ibilbide profesionala garatzen hasi direnentzat ere.
Iturria: Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokia